Itziar Aizpuru: Ilusio bizia

Itziar Aizpuru: Ilusio bizia https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2015/03/11
erreportajea
TESTUA: Aitor Abaroa @abaroa37
Itziar Aizpuru: Ilusio bizia
"Atsekabe aurkitzen da gaur nire bihotza. Hain argi gutxi dauka gaur eguzki dirdirakorrak. Hau da iluntasuna daukadana nire barruan; baina iluntasun horren ondoren, argia etorri ohi da".


Gaur egun Euskal Herrian dirdira gehien egiten ari den izarraren taulagaineko lehen hitzak horiexek. 1962a zen eta Itziartxo antzezlaneko protagonista Itziar Aizpuruk 23 urte zituen. Beste hiru lan taularatu zituen Gure Txeru taldeak, eta hantxe geratu zen aktore gaztearen karrera, ilunetan, ilusioaren txinparta berriz noiz piztuko.

Txikitatik izan du zinema gustuko; Xixilineko Maria Jesusekin Cine Mundo edota Fotogramas bezalako aldizkarietan miresten zituen Errol Flynn, Elizabeth Taylor edota Rod Hudson. Eta aldizkari eta liburu artean emango zituen hainbat
urte, bizitza ateratzeko ireki zuen liburu eta paper dendan. Hala, dendan pentsatzeko denbora izaten denez... gaztetako pasioa berreskuratu eta Goenkale-ren kastinera aurkeztea erabaki zuen. Miramonetik paperarekin bueltatu zen etxera, eta hainbat denboralditan gorrotatu genuen Dolores zitala; ostean, beste hainbat urtez maitatu Mari Koro, Martin telesaileko amona umoretsua. Gure etxeetan sartu da; hain da hurbila, ia familikoa dugula.

Bada, ia semetzat dituen Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren eskutik egin zuen jauzi pantaila handira, 80 egunean zoragarrian. 50 urteren ondoren berriz topo egin eta maitemintzen diren bi emakumeen istorioak hunkitu gintuen, eta erakutsi zigun ilusioa izateko gaitasuna biziartekoa dela. Baita arrakasta eta miresmena lortzeko gaitasuna ere. Euskal zinemagintzan mugarri bat ezarri du zalantzarik gabe zuzendari bikotearen Loreak bigarren luzeak, eta filmeko lorerik helduena den Tere gorrotatu eta maitatu egin dugu; halaxe errekonozitu eta saritu dute Aizpuru. Inork ez dezala esan maite duen hori egiteko berandu denik.

[Artikulua idazteko, Moriartiko lagunei eskatu nien Itziarren telefono zenbakia. Baina Eddie Redmayne, Emma Stone edo Benedict Cumberbatch-i deitzen ez badiet, euren informazioa sarean aurkituta idazten badut soslaia, zergatik Itziarrekin ezberdin jokatu? Egia esan, ez da batere zaila izan: elkarrizketak, erreportajeak, bloga, Twitter kontua... Hollywoodeko aktoreen pareko izarra dugu gurean!]

Itziar Aizpuru


IZENA: Itziar Aizpuru Sustaeta.
JAIOTEGUNA: 1939-12-19.
JAIOLEKUA: Getaria (Gipuzkoa).
AKTORE GUSTUKOENA: Gustavo Rojo.
MAITE DU: Telefonoa hartu eta proiektu berrietan parte hartzeko proposamenak jasotzea.
GORROTO DITU: Zimurrak.