Itxaso Martin: Eromenera eta bueltan

Itxaso Martin: Eromenera eta bueltan https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/09/07
erreportajea
Testua: Samara Velthe
Itxaso Martin: Eromenera eta bueltan
"Hor daukazu eskua, ikus dezakezu, begiratzen ari zara, zurea da, baina ezin duzu mugitu. Nirea da?, pentsatu duzu, lotuta daramaguna geurea da gainean daramagulako soilik? Eta horrela balitz ere, nor da noren agintari? Zergatik eskua zerbitzari?"


Sufrimendua eta plazera, zentzutasuna eta eromena, kontrola eta galbidea; muturrak elkarrengandik oso gertu daude eromena eta zentzua ere berdin bizi dituenarentzat. Hala pasatzen zaio Martinari, Itxaso Martinen Ni, Vera (Elkar, 2012) nobelako protagonistari: erotzen ari da, badaki erotzen ari dela, eta horrek gehiago obsesionatzen du. Familian bilatzen ditu horren arrazoiak, eta eroetxean egondako birramonaren historiari eusten dio bere burua ulertzeko.

Lanbidez Hamaika Telebistako kazetaria da Martin (Donostia, 1981), baina emakumea eta psikiatriari buruzko tesia egiten ari da. Eragingo zuen horrek ere bere lehen nobelan: tokatu zaizkien ardurek eta ingurukoek eurengandik espero dutenak gainezka egiten diete protagonistei. Martina bere zurrunbiloan dago sartuta, sufrimenduak erakartzen du eta obsesioekin soilik asetzen du bere antsietatea. Vera, Martinaren birramona, ingurukoek erotu dute; idazleak bere familiako istorio batean oinarritu du Veraren kontakizuna. Gidoirik gabeko elkarrizketak narrazioarekin nahasten dira, pertsonaiek hitzak entzun edo irudikatu egiten dituzten argi azaldu gabe; egoerak errepikatzen dira, benetan zer gertatu den zalantzan uzteraino. Benetakoa denak ere ez baitu askorik balio erotzen ari denarentzat.

Bibliografia


Ni, Vera (Elkar, 2012)