'It's a Sin': ezezaguna zen beste pandemia latz bati buruzko telesail bikaina

'It's a Sin': ezezaguna zen beste pandemia latz bati buruzko telesail bikaina Bere aurreko lanetan ( 'Years and Years', 'A Very English Scandal', 'Queer as Folk' besteak beste) Russell T. Davies gidoilari eta sortzaileak frogatu zuen zer nolako abilezia duen gizatasunez eta nortasun handiko pertsonaia berdingabez osaturiko istorio biziak eta entretenigarriak osatzeko. Pet Shop Boys talde mitikoaren izen bereko abestiari erreferentzia egiten dion 'It's a Sin' (Bekatua da) telesaila estreinatu berri du HBO plataforman. Oraingoan ere aurreko lanetan funtzionatzen zuten tekla berak sakatu eta telesail bikaina gauzatzea lortu du; 20201a hasi denetik geure pantaila txikira iritsi den izenburu nabarmenena. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/its-a-sin-ezezaguna-zen-beste-pandemia-latz-bati-buruzko-telesail-bikaina/@@download/image/553205622_171045811_1024x576.jpg
2021/01/26

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

Bere aurreko lanetan ( 'Years and Years', 'A Very English Scandal', 'Queer as Folk' besteak beste) Russell T. Davies gidoilari eta sortzaileak frogatu zuen zer nolako abilezia duen gizatasunez eta nortasun handiko pertsonaia berdingabez osaturiko istorio biziak eta entretenigarriak osatzeko. Pet Shop Boys talde mitikoaren izen bereko abestiari erreferentzia egiten dion 'It's a Sin' (Bekatua da) telesaila estreinatu berri du HBO plataforman. Oraingoan ere aurreko lanetan funtzionatzen zuten tekla berak sakatu eta telesail bikaina gauzatzea lortu du; 20201a hasi denetik geure pantaila txikira iritsi den izenburu nabarmenena.
'It's a Sin': ezezaguna zen beste pandemia latz bati buruzko telesail bikaina

Nortasun handiko pertsonaiez osaturiko istorio biziak eta entretenigarriak osatzeaz gain, drama zein umorearen artean nabigatzen duen bitartean eta gizarte kritika inteligentea zabaltzeko duen behar hori erabiliz, hausnartzeko parada ematen duten ekoizpenak sortzeko duen trebetasuna ere erakutsi du Davies-ek . Hori guztia, gainera, miniserie formatuan eta ireki eta ixten diren istorio mamitsuak jorratuz. Pet Shop Boys talde mitikoaren izen bereko abestiari erreferentzia egiten dion It's a Sin (Bekatua da) telesaila estreinatu berri du HBO plataforman. Oraingoan ere aurreko lanetan funtzionatzen zuten tekla berak zanpatu eta telesail bikaina gauzatzea lortu du.

Londres, 80ko hamarkada. Hirian elkar ezagutzen duten hiru gazte homosexualen istorioa kontatzen da, HIESaren eragilea den (GIB) Giza Immunoeskasiaren Birusaren  kalteak ezagutzen hasten diren gizarte atzerakoi batean -“Gay Minbizia” etiketa jarri zioten gaixotasunari, beraz pentsa-. Bost ataletan,  1981ean hasi eta hamar urtez luzatzen da fikzioa. Hamarkada igaro ahala eta hiesaren itzala geroz eta gertuago sentitu , hazten eta heltzen ikusiko ditugu, inoiz baino indar gehiagoz eta maitasun irmoagoz bizitzeko helburuz. Beren sexualitatea aztertzea, aktore izatearen ametsa gauzatzea,  lana lortzea eta noski dibertitzea, hamarkada liluragarri honen testuinguruan. Desinformazioak, ezjakintasunak eta homosexualitatea oraindik begi onez ikusten ez zuen gizarte atzerakoi eta apur bat ozpinduaren atzaparrek ordea, bide hori maldatsua, bidegabea eta gogorra bilakatuko dute.  Lotsa da telesailak jorratzen duen beste elementu narratibo bat, eta azpimarratzekoa iruditzen zait. Hau Ritchie Tozer pertsonaiaren eta bere familiaren bitartez ikusten dugu bereziki. Pertsonaia guztiek protagonismo orekatua duten telesail korala den arren, nire ustez, pertsonaia horren istorioa baita argigarriena.

Hamarkada liluragarria aipatu dut, pertsonaia magnetiko eta berezi horiez gain, telesaila maisuki girotua dagoelako. 80ko hamarkadako estetika berezi hori oso ongi pantailaratzea lortu dute, estetikoki agerikoak diren elementuak erabiltzeaz gain (jantzitegia, argiztapena…) hein handi batean soinu banda bikain baten laguntza alboan izan dutelako; hala nola, Enola Gay, Pet Shop Boys noski, Kelly Marie, Patrick Cowley edota Eurythmics besteak beste.

Saihestezina da egungo pandemia egoeraren kudeaketarekin, komunikazioaren eta oro har gertatzen ari denarekin  alderaketak egitea. Nahastea, paranoia, faltsukeriak. Hiesari buruz, “Jainkoak zigor bezala bidali zuela” esaten zen; COVID-ari buruz, berriz, 5G-aren errua edo beste asmakeria arraroak jaurtitzen dituzte batzuk.  Erokeria bera da, gertaerei aurre egiteko, ikasteko, errealitateari aurre egiteko errezeloa. Gaixotasun ezezagun bati aurre egin behar dioten pertsonaien hasierako nahasmena koronabirusaren pandemiaren aroarekin identifika daiteke zuzenean. Gaixotasun berri bat agertzearen beldur, ziurgabetasun eta erantzun arrazional eta irrazionalekin enpatia apur bat handiagoa izan dezakegu zentzu horretan.

Dibertigarria da, baina batez ere gogorra. Liluragarria eta aldi berean urratzailea. Russell T. Davies-en obrarik pertsonalena dela esango nuke.  Ikuslearen bihotzera zuzenean doan telesail paregabea.  Ezezaguna zen beste pandemia latz bati buruzko kronika bikaina. Urtean zehar telesail gutxi ikusten dituen horietakoa bazara, hau da aukeratu behar duzunetako bat.

Non ikusi? HBO-n