Italiako musikari misteriotsua

Italiako musikari misteriotsua Gazte bat Napoliko Sanità auzoko kaleetatik paseatzen ari da. Txanodun kirol-jertse beltzaz eta buru-berokiaz jantzita dabil. Kalean inork ez dio haren presentziari erreparatzen, auzoko edozein gazte izan daiteke, baina txanodunak uniformea daukala dirudi. Eszena lehen aldiz ikusten duenak pentsa dezake lapur bat dela; edota Napoliko kriminal txiki horietako bat. Baina mutil horri arretatsu begiratu beharra dago. Gaztearen zapatiletan eta kirol-jertsean hitz esanguratsu bat dago letra handiz idatzita: Liberato https://www.gaztezulo.eus/albisteak/italiako-musikari-misteriotsua/@@download/image/liberato.jpg
2021/04/07

Testua: Ane Irazabal @AneIrazabal

Gazte bat Napoliko Sanità auzoko kaleetatik paseatzen ari da. Txanodun kirol-jertse beltzaz eta buru-berokiaz jantzita dabil. Kalean inork ez dio haren presentziari erreparatzen, auzoko edozein gazte izan daiteke, baina txanodunak uniformea daukala dirudi. Eszena lehen aldiz ikusten duenak pentsa dezake lapur bat dela; edota Napoliko kriminal txiki horietako bat. Baina mutil horri arretatsu begiratu beharra dago. Gaztearen zapatiletan eta kirol-jertsean hitz esanguratsu bat dago letra handiz idatzita: Liberato
Italiako musikari misteriotsua

Gazteak ibiltzen jarraitzen du eta metro gutxira bi kameralari hurbiltzen zaizkio. Inguruan dauden pertsona guztiek harriduraz aztertzen dute gertatzen ari dena. “Liberato, Liberato da!”, oihukatu du mutil batek. “Kendu buru-berokia!”, esan dio beste batek. Italiako musikari misteriotsu berriak ez du inor epel uzten.
Lau urte igaro dira Liberato ezagutzera eman zenetik, eta, orduz, geroztik, errekor guztiak gainditu ditu.

Liberatoren bideoklipek 75 milioi bistaratze dituzte eta bere kontzertuak milaka pertsona batzeko gai dira. Halere, inork ez du inoiz bere aurpegia ikusi. Artistaren kontzertu batera joateko tiketak erosten dituenak, azken unera arte ez du jakingo kontzertu hori non egingo den. Musikariari izugarri gustatzen zaio ezustearekin jolastea.

Liberatok Italiako musika suspertu du eta estigma asko apurtu ditu. Izan ere, abeslariak napolitarrez abesten du eta harro dago gainera. Vesubioren hiriko musika neomelodiko tradizionala oinarritzat hartuz, berezko estiloa sortu du Liberatok. “Napoliko txoniak dira bere protagonistak, alegia, txandalak, gurutzedun zintzilikariak eta orrazkera ausartak dituzten neska-mutilak. Baina klixeetatik aldenduz, Liberatoren munduan gazte horiek ez dira kriminalak. Hiri konplikatu batean bizirauteko eguneroko borroka eta maitasuna islatzen dute abestietako letrek. Bere bideoklipak istorio luze baten kapituluak dira ”, adierazi du Gianni Valentino kazetari napolitarrak. Nove Maggio edo Tu t’e scurdat’ ‘e Me abestiekin belaunaldi berrietara iritsi da eta Napoliren irudi ezezaguna erakutsi du. Zaborraren, degradoaren eta Camorraren hiritik haratago, mugimendu kultural berritzaileak dituen zentroa da Napoli.


Chi è Liberato? (Nor da Liberato?), sinatzen du Napoliko Quartieri Spagnoli auzoko graffiti batek. Napolitarren artean hamaika apustu egin dira. Batzuentzat, poeta gazte bat da. Beste batzuentzat, berriz, hainbat musikariz osatutako kolektibo bat. Edonola ere, Liberatok 180 graduko bira eman dio Italiako musika industriari. “Benetan uste duzu merezi duela hainbeste urtez ezkutatzea, orain nire nortasuna zuri argitzeko?”, esan zion iaz Rolling Stone aldizkariko kazetari bati. Hori hala, Italiako Musikaren Banksy gisa batailatu dute askok. Napolin egindako azken kontzertuan, txalupa batean agertu zen hondartzaren aurrean zegoen agertokira. Eszenaratzea, ikuskizuna eta musika ona. Liberato kataloga ezina da.