I:Shead kandelaren dirdira

I:Shead kandelaren dirdira https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ishead-kandelaren-dirdira/@@download/image/18p9-1_1370379729.jpg
2002/04/05
erreportajea
Aritz
Euskal Herriak musika elektronikoaren esparruan bizi duen iluntasunean kandela piztu dute Didier Larralde eta Patxi Gainzak. Ez du argi handirik emanen oraingoz, baina bere suak kandela gehiago piztuko ote ditu?

Gertatu beharrekoa gertatu da azkenean. Euskal Herrian garaiz kanpo bizitzearena ez da berria. Beste leku batzuetan ohikoak direnak nobedade dira gure artean. Europako edozein herritan "house" doinuak jasotzen dituen diskoa kaleratzea ez da albiste, disko ona edo txarra izateagatik izango du oihartzun handiagoa ala txikiagoa. Gurean, berriz, "house" musikaz osatutako diskoa kaleratu izana da albiste. Zer pentsatua eman beharko liguke horrek. Dena den, gutxienekoa da diskoa noiz kaleratzen den. Garrantzitsua da, gure ustez behintzat, Euskal Herriko "muga" musikalak apurtzen ari garela, eta geroz eta jende gehiago dagoela, teknologia berrien "eskuragarritasunak" lagunduta, orain arte arrotzak zitzaizkigun erritmo eta soinuekin esperimentatzen. Horren adibide da I:Shead.

Ateak zabalik
Patxi Gainza eta Didier Larralderen arteko batasuna da I:Shead. Rock mundutik datozen arren, erritmo elektronikoen sastadak maitemindu ditu. Sustrai beltzak dituen "house" musika egiten dute, jazz-soul ukitukoa, instrumentala baina tarteka ahotsen sanplerrak erabilita (Martin Luther KIng...). Dantza doinu dotoreak. Oihuka disketxeak argitaratua da diskoa, eta Ostiela aldizkariarekin batera eskura daiteke. Musika egileak dira Patxi eta Didier, baina horrez gain, maite dituzten doinuak lau haizeetara zabaltzen dituzte disko-jartzaile lanetan aritzen direnean. Eta guzti hau gutxi balitz bezala, musika elektronikoa gure artean ezagunagoa izatea helburua duen jaialdiaren antolatzaileak dira: Ipar Euskal Herrian aitzindari da "Elektronika" jaialdia eta horretarako Twisted Release izeneko elkartea osatu dute. 

Epe laburrera, kaleratu berri duten "It´s my house" diskoko kantuak ezagutarazi nahi dituzte eta horretarako hainbat emanaldi prestatu dituzte diskoko kantuak zuzenean eskaintzeko asmoz. Hortik aurrera kantu berriak osatu eta "mundu osoan zehar zabaldu".