Irutxuloko Hitzak 10. urtemuga ospatuko du bihar

Irutxuloko Hitzak 10. urtemuga ospatuko du bihar https://www.gaztezulo.eus/albisteak/irutxuloko-hitzak-10-urtemuga-ospatuko-du-bihar/@@download/image/gonbidapena-300_1424178783.jpg
2015/02/17
berria
Erredakzioa @Gaztezulo
Aurten hamar urte betetzen dira IRUTXULOKO HITZA-k lehen zenbakia argitaratu zuenetik, eta urtemuga ospatzeko hainbat ekitaldi eta berrikuntza prestatu dituzte, 'Beste 10 urte baietz!' lelopean. Irakurleekin, laguntzaileekin eta sustatzaileekin egin nahi dute ospakizuna, eta horretarako ekitaldi berezi bat antolatu dute.


San Telmo museoan elkartuko dira asteazkenean 19:30ean. Astekariaren eta webgunearen diseinu berriak aurkeztuko dituzte, eta aurrera begira dituzten erronken berri emango dute. Ekitaldian parte hartuko dute Beñat eta Unai Gaztelumendi bertsolariak, Aldatzen Laguntzen antzerki taldeko kideak eta U.K. Bill musika taldea. Añorgako musika taldeak ere hamar urte bete ditu, eta IRUTXULOKO HITZAren urtemugako kanta egin du. Zuzenean aurkeztuko dute abesti berria. Ekitaldia bukatzean, Zuloaga plazako Artess kafetegi tabernan topa egingo dute.

Ostiralean, zenbaki berezia eta webgune berritua

Astekari berezia argitaratuko dute ostiralean, diseinu berriarekin, eta ohiko edukiez gain hogei orrialdeko gehigarri bat egingo dute. Azken hamar urtean albiste izan diren gertakizun nagusien errepasoa egingo dute azalen bidez, modu oso grafikoan. Inkesta bat ere egin dute, auzoz auzo, herritarrek IRUTXULOKO HITZAren inguruan duten iritzia jasotzeko. Bi hamarkada bete dituen bertako beste hedabide bati egindako elkarrizketa ere jasoko zenbaki berezian. Ttan Ttakun irrati libreko Asier Mendizabali egindako elkarrizketa irakurri ahalko da.

­Danbor hotsen artean sortua

Irutxuloko Hitzaren 0 zenbakia, 2005eko San Sebastian egunaren bezperan kaleratu zen. IRUTXULO astekariaren agurra eta IRUTXULOKO HITZAren ongi etorria izan zen zenbaki hura. Danbor hotsen artean iritsi zen, eta 40.000 ale banatu zituzten hirian. Egunkariaren lehen zenbakia otsailaren 17an kaleratu zen. Realeko orduko entrenatzaile Jose Mari Amorrorturi egindako elkarrizketak ekin zion egunkariaren ibilbideari. Egunkaria, bai; IRUTXULOKO HITZA egunero kaleratzen baitzuten hastapenean.

Hiriburuko eguneroko albisteak euskaraz irakurri ahal izateko aukera eman du IRUTXULOKO HITZAk azken hamar urtean. Ez hori bakarrik; udaleko informazioaren berri emateaz gain, auzo elkarte, gizarte mugimendu, jai batzorde eta herritarren bozgorailu bilakatu da. Herritarrengandik gertu egotea baita komunikabidearen xedea.

Garai ezberdinak izan ditu komunikabideak. Asteartetik igandera bitarteko egunkaria zen hasieran, asteartetik ostiralera artekoa ondoren, eta 2013an astekari bihurtu zen. Eguneroko Donostiako tokiko informazioa webgunean lantzen dute Irutxulo.hitza.eus webgunean.