Iruñerriko lehen mintzodromoa egingo dute bihar

Iruñerriko lehen mintzodromoa egingo dute bihar Euskaraz poliki, ongi eta oso ongi mintzatzen direnak elkartuko dira Iruñean, hiru gairen inguruan solasean aritzeko. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/irunerriko-lehen-mintzodromoa-egingo-dute-bihar/@@download/image/770px-77642prentsaurrekoa1.jpg
2021/10/27

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Euskaraz poliki, ongi eta oso ongi mintzatzen direnak elkartuko dira Iruñean, hiru gairen inguruan solasean aritzeko.
Iruñerriko lehen mintzodromoa egingo dute bihar

AEK, IKA, Iruñeko Hizkuntza Eskola, Zubiarte euskaltegi publikoa eta Iruñerriko Mintzakide egitasmoak Iruñerriko lehen mintzodromoa antolatu dute biharko, hilak 28. Iruñerriko euskaldunak elkartuko dira bertan, elkarrekin harremana egin eta hainbat gairen inguruko iritziak trukatzeko. Antolatzaileek adierazi dutenez, "pandemiak bakarturik eta etxeraturik eduki gaituen garaia atzean geratu dela dirudien honetan, euskararen zurrumurru gozoan elkarrekin egoteko eta aritzeko gogo biziz elkartuko gara".

Hiru gai izango dituzte mintzagai eta solasean aritzeko gidoia izango dute lagun. Lauzpabost laguneko taldeak egingo dituzte eta 10-15 minutuz gai baten inguruan aritu ondoren, tokia, solaskideak eta gaia aldatuko dituzte, beste hainbeste denboran tar-tar-tar aritzeko. Tartea amaitzean, berriz ere prozedura bera jarraituko dute.

Ekitaldia hasteko animatzaile baten sarreratxoa izango dela aurreratu dute eta, amaitzeko, guztiek batera abesti ezagun bat kantatuko dutela. Iruñeko Autobus Geltoki zaharreko nasetan izango da mintzodromoa, 18:30ean, eta edukiera bete dela iragarri dute antolatzaileek, beraz, arratsalde ederra igarotzeko baldintza eta osagai guztiak dituzte bertaratzen direnek.