Iruñeko sanferminetako kartela aukeratzeko lehiaketa jarri dute martxan

Iruñeko Udalak aurtengo Sanferminetako kartela hautatzeko lehiaketa jarri du abian, bi urteko hutsunearen ondoren. Hiriko festen irudia hautatzeko lehiaketa online izango da. Hartara, munduko edozein bazterretatik bidal daitezke proposamenak. Lehiaketan nahi duen orok har dezake parte, eta egile edo egile multzo bakoitzak kartel bakarra aurkez dezake, betiere pertsona fisikoak badira.
Kartelak jatorrizkoa, argitaratu gabea, eta teknika librekoa izan beharko du. Kartelean nahitaez agertuko dira honako elementu hauek: testuak eta hiriaren armarria. Obran duten kokapena librea izango da. Testua, berriz, irakurgarria izan beharko da, eta, hortaz, erabilitako tamainak zein tipografiak ongi irakurtzea erraztu behar dute.
Izen-ematea online bakarrik eginen da, eta parte-hartzaileek beren kartel-proposamena eta datuak aurkeztu beharko dituzte formularioa betez. Kartelak aurkezteko epemuga apirilaren 1ean, 14:00etan, amaituko da. Epaimahai profesional batek hautatuko ditu hamar kartel finalistak, eta herritarren botoen bidez hautatuko da irabazlea. Herritarren bozketa epea apirilaren 25etik maiatzaren 18ra arte izango da. Sanferminak sustatuko dituen kartelaren saria 6.000 eurokoa izango da.
Oinarriak hemen daude kontsultagai.