Iruñeko Irriziklo ekimena bihar hasiko da

Iruñeko Irriziklo ekimena bihar hasiko da 'Gu primer!' antzezlana taularatuko dute Ramon Agirre, Inazio Tolosa eta Nerea Gorritik. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/iruneko-irriziklo-ekimena-bihar-hasiko-da/@@download/image/IMAGEN-PARA-WEB-IRRIZIKLO-22-1024x566.jpg
2022/03/08

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

'Gu primer!' antzezlana taularatuko dute Ramon Agirre, Inazio Tolosa eta Nerea Gorritik.
Iruñeko Irriziklo ekimena bihar hasiko da

Aurtengo Irriziklo zikloa martxoaren 9tik apirilaren 6ra egingo da Nafarroako Antzerki Eskolan. Bost ikuskizun izango dira guztira, asteazkenero, arratsaldeko 19:00etan. 

Lehena, Xentimorik Gabe konpainiaren Gu primer! antzezlana izango da. 2010. urtean Ramon Agirre eta Inazio Tolosak Xentimorik gabe ikuskizuna sortu zuten. Ondoren, Koka-Kola eta barea eta Putinen Guardasola eskaini zituzten. Orain, Gu primer! taularatu dute, Nerea Gorritiren laguntzarekin. Antzezlan honetan, bi artistak “Parisen” bizi dira, Artistaren Etxean. Bertan lanean hasi berri den Gorritiren pertsonaiak, “programa” bat prestatu du bi lagunentzat: kontzertu-sorta eskainiko dute eta beren errepertorio eta bizipenak kantatu eta kontatuko dituzte. Balentria handi baten berri emango dute: ez amerikarrak, ez errusiarrak, bi euskaldun izan ziren ilargira iristen lehenak! 

Hurrengo ikuskizuna Xabier Artiedaren Everybody needs heroes izango da, martxoaren 16an. Adierazpen fisikotik abiatuz, Xabier Artieda aktoreak heroiak hartuko ditu abiapuntu, eta beraien bizipenak kontatu, haiek izaten duten erantzunkizun erraldoiarekin jokatu, eta haien irudia umorez birziklatuko du. "Dibertigarria, barrez lehertzeko modukoa eta ikusleen begiak zabalik eta adi" mantenarazten dituen komedia dela iragarri dute. 

Nomofobikak taldeak Hackerrak taularatuko du martxoaren 23an, hainbat elementu barnebiltzen dituena: robotika, adimen artifiziala, datuen lapurketa masiboa, cookiak, algoritmoak, etab. Honela azaldu dute ikuskizunaren nondik norakoa: "Gure harremanak egunetik egunera aldatuz doaz: gure lana robotizatzen hasi dira, GAFA (Google, Apple, Facebook eta Amazon) bezalako plataformek komertzio txikia ordezkatu nahi dute. Iraultza baten hasieran gaude: IV. industria iraultza. Gizateriak inoiz bizi ez duen hori, abiada bizian dator orain. Lan falta dela eta, hiru aktoreek onartzen dute robotika aztertzeko adimen emozionaleko proba batzuetan parte hartzea. Probak egin ahala beraien eginbeharra alboratu eta ozen adieraziko dituzte beraien sentipenak; hacker komando bat sortzeko beharraz arituko dira, edota oso lodia den Interneteko kablea mozteaz". Belen Cruz, Olatz Beobide, eta Patxi Perez arituko dira aktore lanetan, Ana Perezen zuzendaritzapean. 

Les Bobé-boBé konpainiaren Eta kiTTorik ez!  izango da martxoaren 30ean. Bi ahizpa biki dira antzezlaneko protagonistak. Hiru ahizpa ziren baina nagusiena hil egin zen eta horrek behartu zituen gazteenak nagusi bihurtzera: "Bikiak, bata sosa eta bestea… bueno sosa ez, sosa batzuetan. Alegia, bi ahizpa desberdin eta kitto!. Ea ba, bi ahizpa eta sekretu bat. Beste hirugarren ahizpa bat ere bai, hilda. Harreman guztiek dute alde ezkutu bat. Shhh, ez esan, sekretua da. Bi ahizpa zoroen pare dabiltza bobe estiloan aritzeagatik". Ane Gebara Gonzalez de Axpuru eta Josune Velez de Mendizabal Fernandez de Garaialde dira aktoreak, eta Jason Guerra zuzendaria.

Azkenik, apirilaren 6an, Lehendakari Gaia antzezlana eskainiko dute. Lehendakari hautatu berria inbestidura-ekitaldirako hitzaldia prestatzen ari da; azken orduan, ordea, arazo larri bat sortuko zaio. Izan ere, ekitaldia eta hitzaldia eman beharrak aurpegian tik arraro, barregarri eta saihestezina eragin dio hautetsiari. Ezin du kendu eta ekitaldi nagusia izorratzeko arriskua dago. Arazoa bideratzeko psikiatra bat agertuko da eta, ondorioz, bien artean berriketaldi dibertigarri eta nahasgarria sortuko da. Iker Galartza eta Zuhaitz Gurrutxaga dira aktoreak eta Begoña Bilbao zuzendaria. 


Sarrerak Nafarroako Antzerki Eskolako lehiatilan eta  webgunean eskura daitezke. Sarrerak 4 euroan daude salgai eta abonamendua 20 euroan.