‘Irudimenezko hiria’ ikastaroa, Donostian

‘Irudimenezko hiria’ ikastaroa, Donostian https://www.gaztezulo.eus/albisteak/irudimenezko-hiria-ikastaroa-donostian/@@download/image/irudimenezko_hi_1371818871.jpg
2013/06/24
berria
Madrilgo lacasinegra kolektiboak eta Tabalakerak elkarlanean, irudimenezko ikus-entzunezkoen tailerra eskainiko dute uztailaren 8tik 19ra bitarte Donostian. Parte hartzaileek beren mugikorrekin, argazki kamerekin, bideo kamerekin… filmatutako irudiekin muntaiak eta irudien berridazpenak egin beharko dituzte.


Uztailaren 8tik 19ra, bi astez, eskainiko dute Irudimenezko hiria tailerra. Donostian izango da, eta Tabakalera eta Madrilgo lacasinegra kolektiboa dira antolatzaileak. Bereziki ikus-entzunezkoen alorrean interesa duten horiei zuzenduriko ikastaroa izango da, eta arratsaldez emango dute, 17:00etatik 21:00etara.

Antolatzaileek honako erronka proposatuko diete parte hartzaileei: posible al da irudimenezkoa dena filmatzea? Galderari erantzuna bilatzeko asmoz, Donostia erretratatu beharko dute beren gailu propioekin, hala nola, argazki kamera, bideo kamera edota mugikorrekin. Ariketak elkarlanean egingo dituzte, gogoetarako tartea hartuz, eta hiriaren memoria, oraina eta etorkizuna landuko dituzte ikus-entzunezko ekoizpenen bidez.

Izen ematea
Tailerrean parte hartu nahi baduzu, formularioa bete behar duzu lehenik; ondoren, honako galderari erantzuten dion testu, argazki edo bideoa bidali behar duzu proiektuak@tabalakera.eu helbidera: nolakoa da zure hiri imaginarioa? Ikastaroa doakoa da, eta gehienez ere 25 lagunek egin ahal izango dute.

Lehen astean irudi poltsa osatzen joango dira, espazio, pertsona eta soinuak jasotzen dituzten materialen bidez; bigarrenean, ordea, ikus-entzunezko mitologia eraiki beharko dute, eta lortutako bideo eta irudiak muntatu. Halaber, berauen inguruko hausnarketa egin ostean, ikastaro amaieran, ikasitakoa agerian uzten duen lan txukuna aurkeztu beharko dute. Ikus-entzunezko erreferenteen proiekzioak ere ez dira faltako, klase praktiko eta teorikoak tartekatuz.