[IRITZIA]: Haurdunaldia COVID garaietan; eskubideak murriztuta

[IRITZIA]: Haurdunaldia COVID garaietan; eskubideak murriztuta Emakumearen Nazioarteko Egun berezi honetan, pandemiak emakumeen eskubideak zenbat kaltetu dituen jakin dugu, tartean, haurdunaldian. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/iritzia-haurdunaldia-covid-garaietan-eskubideak-murriztuta/@@download/image/pregnant-covid.jpg
2021/03/08
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Emakumearen Nazioarteko Egun berezi honetan, pandemiak emakumeen eskubideak zenbat kaltetu dituen jakin dugu, tartean, haurdunaldian.
[IRITZIA]: Haurdunaldia COVID garaietan; eskubideak murriztuta

Gaur ezingo dira azken urteetan martxoaren 8an errepikatu diren manifestazio eta aldarrikapen jendetsuak egin; zoritxarrez, kaleak geure egiteko ezintasuna eta emakumeon eskubideak bereziki kaltetu dituen garaia eskutik helduta doaz. Tristea da aurtengo martxoaren 8a, pandemiak bereziki zigortu dituelako emakumeak; emakumeak izan dira osasun eta zaintza arlotan aurpegia eman dutenak, langabezia gehien pairatu dutenak, etxeko lanen karga eraman dutenak, haurren eta helduen zaintzaz arduratu direnak... betidanik bertan egon den berdintasun arrakala inoiz baino sakonagoa bilakatu da COVID-19arekin.

Gauzak horrela, neronek bezala emakume askok haurdunaldia pandemia baten erdian bizi dugu, eta bidea ez da erraza izan; bakarrik igaro ditugu mediku froga eta ekografia guztiak, ez dugu erditze aurreko prestakuntza ala edoskitze tailer publikorik izan, erditzea maskara jantzita izan da, kasu batzuetan bakarrik, isolaturik, laguntzaile ala bikoterik gabe; pandemiaren unerik gogorrenetan, ama positiboa zenean haurra amaren besoetatik urruntzera iritsi dira. 

Beste ehunka egoeratan bezala, COVID-19a mundu osoko emakume haurdunen eskubideak urratzeko aitzakia izan da, indarkeria obstetriko kasuak biderkatuz. Esate baterako, Txinan positibo eman zuten emakumeen %92 zesarea bidezko erditzea izan zuten. Estatistika horiek ez dira ohikoak, eta onartu ez badute ere, medikuek beren burua babesteko erabaki zuten zesareak praktikatzea, emakumeek erditzean egin beharreko arnasketa eta esfortzu fisikoaren aurrean ez kutsatzeko.

Pandemiaren hasieran, AEBetan kutsatutako emakumeei ez zieten haurrarekin egoten utzi 14 egun luzez, edoskitzea debekatuz; erabaki hori hartu zutenean haurra arriskuan egon zitekeen froga bakar bat ere ez zen argitaratu, eta ondoren jakin den moduan, ez zen inolako arriskurik existitzen, alderantziz; amaren esneak haurra gaixotasunetatik immunizatzen duela frogatu da.

Gurera itzuliz, haurdunaldia pandemian bizi dugun emakumeok ezin izan dugu haurdunaldi normala igaro. Ekografietan eta mediku kontsultetan bakarrik egotera behartu gaituzte, haurdunaldia soilik emakumeon ardura izango balitz bezala; kontsulta gehienak telefonoz egin dira gurasoen beldur eta kezkak kontuan hartu gabe, eta erditze aurreko klase publikoak bertan behera gelditu dira; soilik ekonomikoki aukera izan duten emakumeek jaso dituzte klase pribatuak, gehienak bideo-dei bitartez. Prezioak ez dira merkatu, eta ez da inolako laguntza ekonomikorik eskaini emakumeon eskubide hau bermatzeko. Berdina gertatu da edoskitze tailerrekin; osasun publikoko emagin batzuk modu klandestinoan bildu dira emakumeei edoskitzearekin laguntzeko, lan boluntarioa eginez, nahiz eta ofizialki zerbitzu publiko hau bertan behera gelditu den. 

Erditzerako orduan, eskubideak ere murriztu dira; azken urtean erditu duten emakume guztiek maskara jantzita egin behar izan dute, erditze prozesua arnasketa eta esfortzu fisiko itzela dela kontuan hartu gabe; oraindik egun, positibo den emakume batek ezin du bere bikotea alboan duela erditu, bakarrik igaro behar du prozesu guztia, ospitalean ingresatu, erditu eta etxera itzuli arte. Bestalde, asko dira erditze prozesuan indarkeria obstetrikoa salatu duten emakumeak, koronabirusaren aitzakiarekin erditze planak eta emakumeen nahiak ez direlako errespetatu.

Guztiarekin, haurdunaldi tasa nabarmen jaitsi da pandemia hasi zenetik, eta zifra horiek harreman zuzena dute aurretik aipatutako guztiarekin. Emakume askoren egoera inoiz baino zaurgarriagoa bilakatu du pandemia honek; lana topatzeko aukerak inoiz baino baxuagoak dira, etxeko lanen zama inoiz baino pisutsuagoa, eta guzti hori gutxi balitz, indarkeria kasuak biderkatu egin dira.

Aurtengo martxoaren 8an ezingo dugu kalera irten, kaleak hartzeko inoiz baino arrazoi gehiago ditugunean. Ezin dugu ahaztu martxoaren 8a ez dela festa eguna, borroka eguna baizik; gauzak horrela, arratsaldean manifestazioak izango dira Donostian, Gasteizen, Bilbon eta Iruñean. Baionan 12:00etan egingo dute.