Iraungitze datarik gabeko amodioa

Iraungitze datarik gabeko amodioa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/iraungitze-datarik-gabeko-amodioa/@@download/image/72p55_1_1364906705.jpg
2007/03/02
erreportajea
Gontzal Agote
Iraungitze datarik gabeko amodioa
Jatorrizko izenburua: "Letter From an Unkown Man"
Zuzendaria: Max Ophüls
Aktoreak: Joan Fontaine, Louis Jourdan

Honakoa zioen Harkaitz Cano idazleak Kalegats aldizkariaren azkenzenbakian: "Produktoreak zein zuzendariak askotan kontrakoa egitentematzen badira ere, behin literatura zinera egokitzen hasita, askozere egokiagoak dira ipuinak edo nobela laburrak —demagun, "Emakumeezezagun baten gutuna"— eleberriak baino".Literaturaren eta zinemagintzaren arteko harreman beti gatazkatsuan, pelikula gutxi batzuek izan dute paper zurian idatzitakoaren maila gutxienez berdintzeko bertutea. Eta horien artean dago, dudarik gabe, "Emakume ezezagun baten gutuna" drama erromantiko hunkigarria.

Stefan Zweig idazleak idatzitako eleberri oso labur batean —Igela argitaletxeak eman du euskaraz, Eduardo Mataukok itzulita— oinarritu zen Europatik ihes egindako Max Ophüls zuzendaria. Joan Fontaine aktoreak eta haren senarrak utzitako diruari esker egin ahal izan zuen pelikula; Ophülsek faborea itzuli zion Fontaineri, eta aktoreak biribildu egin zuen Lisaren rola.

Aldaketa txiki batzuk kenduta, pelikula guztiz fidela da liburuak kontatzen duenarekin; hortaz, gidoia ia perfektua da, Zweigek ez baitzuen interpretazioetarako tarterik uzten. Horrez gain, zuzendariak bete-betean asmatu zuen istorioa girotzeko orduan —inoiz baino misteriotsuago ageri zaigu dekoratuetan eraikitako Viena dotorea— eta aktoreen lanarekin —Fontaineren ondoan, Louis Jourdan bihotz-hauslea—. 2004an Xu Jinglei zuzendari txinatarrak istorio honen bertsio berria filmatu zuen, gertaerak Pekinera eramanez, baina ezer berririk ez zuen ekarriko, Ophülsena gaindiezina baita.

Horri guztiari esker, foiletoi negargarria izaten ahal zena, maitasun (eza) pelikulen maisulana bihurtu zuen Ophülsek. Flashback luze batek harilkatzen du narrazioa, gutun baten bitartez izanen dugu izenburuak aitatzen duen emakume ezezagun horren amodio ezinezkoaren berri.

"Gutun hau irakurtzen duzunean, beharbada hilik egonen naiz... Gutun hau zure eskuetara iristen bada, jakinen duzu zurea izan nintzela, nahiz eta zuk existitzen nintzenik ere ez jakin". Horrela hasiko da aitorpen lazgarria, horrela jakinen dugu barruan gordetako amodioa eta desioa beste edozein  gauza baino suntsigarriago izaten ahal dela. Horrela jakinen dugu ahanzturak ez duela gupidarik eta pertsona batentzat biziki inportantea izaten ahal dena ondokoarentzat garrantzirik gabeko abentura izaten ahal dela.

Etortzen den moduan joaten da amodioa. Baina bitarte horretan, izoztutako parke batean egon nahi genuke, maitearen ondoan tren bagoi zahar batean eserita, munduko zein bazterretara joanen garen erabakitzen. Irudiak alegiazkoak badira ere.