Irati Elorrietak irabazi du Euskadi Literatura Saria

Aurtengo Euskadi literatura saridunak ezagutarazi zituen atzo Eusko Jaurlaritzak Gasteizen, Artium museoan egindako agerraldian. Irati Elorrietak eskuratu du Euskadi Literatur saria, Neguko argiak eleberriarekin; Patxi Zubizarretak Haur eta Gazte Literatura saria lortu du Korri, Kuru, korri! liburuari esker; eta Asisko Urmenetaren AztiHitza: Xahoren Biografikoa lanak ikustrazioaren saria jaso du. Hala, 18.000 euro jasoko ditu saridun bakoitzak, eta aukera dute lanak itzultzeko helburuarekin 4.000 euro eskuratzeko ere.
Elorrietaren eleberria bere bigarren lana da; Berlinen kokatua, bizimodu berri bat aurrera atera nahi duten pertsonaien arteko harremanak dira kontakizunaren oinarria. Itxaro Bordak, Asier Serranok, Mari Jose Olaziregik, Jon Martinek eta Castillo Suarezek erabaki dute Elorrietaren lana saritzea.
Etiopiatik migratzen ari den Kuru mutikoaren eta istripu txiki baten ondorioz ospitalera doan neskatoaren arteko adiskidetasuna du oinarri Patxi ZubizarretarenKorri, Kuru, korri! liburuak. Azken honekin, laugarren Euskadi saria du dagoeneko idazleak. Lore Agirrezabalek, Leire Diaz de Gereñuk, Ziortza Onaindiak, Igor Idoetak eta Xabier Olasok osatu dute epaimahaia kategoria horretan.
Azkenik, Agosti Xaho XIX. mendeko kazetari, idazle, hizkuntzalari eta politikari zuberotarraren bizitza kontatu du Urmeneta marrazkilariak AztiHitza: Xahoren Biografikoa lanean. Yolanda Mosquerak, Higinia Garaik, Jon Mantzisidorrek, Mikel Valverdek eta Ainara Azpiazuk osatutako epaimahaiak aukeratu dute saritua ilustrazioen kategorian.
SARIDUN GEHIAGO LASTER
Oraindik ez dituzte Euskadi sari guztiak argitaratu; falta diren gainerako kategorietako saridunen izenak bi aste barru jakinaraziko dituzte: Literatura Gaztelaniaz, Saiakera Euskaraz, Saiakera Gaztelaniaz eta Euskarazko Literatura Itzulpena. Sari banaketa ekitaldi ofiziala, berriz, azaroaren 18an egingo dute, Donostiako Tabakaleran.