Irantzu Pastor: "Hau ez da kolonbiar gorri eta urdinen arteko liskarra"

Irantzu Pastor: "Hau ez da kolonbiar gorri eta urdinen arteko liskarra" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/irantzu-pastor-quothau-ez-da-kolonbiar--gorri-eta-urdinen-arteko-liskarraquot/@@download/image/20121031498iran_1360235115.jpg
2012/10/05
elkarrizketa
Testua: Igone Fdez. Mariezkurrena, Argazkiak: Irantzu Pastor
International Peace Observatory (IPO) nazioarteko erakundeak babes fisiko eta politikoa bermatzen die Kolonbian beren jardunagatik mehatxupean bizi diren nekazari eta ekintzaileei. Boluntarioen artean, euskal herritar bat.

Gatazka armatuen alde psikologiko eta sozialak, gizakiak muturreko egoeretan izaten dituen jokabideek mugiarazten ditu Irantzu Pastor (Lesaka, 1985) eta bere argazki kamera. Horregatik, lagun kataluniar hark Kolonbiara giza ezkutu modura joateko asmoa zuela esan zionean, argi berezi bat piztu zitzaion begietan, "nik ere nahi dut!"; lehenago izana zenez Kolonbian eta Guatemalan nekazari mugimenduekin, ez zion zalantzari lekurik utzi eta hurrengo egunean bertan eman zuen izena IPOrekin formakuntza hasteko. Orain lau urte izan zen hura, eta harrezkero behin baino gehiagotan gurutzatu du ozeanoa.

2005az geroztik dihardute IPOko kideek Kolonbian, oinarrizko bost printzipiotan sustengatuta musutruk lanean: herrien autodeterminazioa, elkartasuna, kontzientzia soziala, demokrazia partehartzailea eta alaitasuna. "Ekipo ttikia" dira, eta gehienbat Skype bidez koordinatzen dira, nahiz eta urtean behin mundu mailako asanblada mundiala egiten duten. Bururik gabeko organizazio horizontal honetan, Frantziatik, Korsikatik, Ingalaterratik, Ameriketako Estatu Batuetatik, Eskandinabiatik nahiz Herrialde Katalanetatik batutako neska-mutilen artean, bada 27 urteko lesakar bat.

Nork eta zergatik mehatxatzen ditu zuek babesten dituzuen kolonbiarrak?

Batez ere Kolonbiako mugimendu ezkertiarraren edo alderdi komunistaren inguruko jendearekin aritzen gara. Urteetako gatazka bizi duen herrialdea dela kontuan izanik, erraza da imajinatzen Gobernuan ez dagoena ibaiaren beste aldean dagoela, linea ofizialaren ikuspegitik "etsaiak" diren horien aldean. Sozialismoa, laborantza-erreforma, indigenen eskubideak,  antikapitalismoa… hegemonia burgesaren interesen kontra dauden aldarrikapenak dira, eta horregatik jazartzen dituzte.

Zer da, zehazki, egiten duzuena?

Azken batean, "IPO" dioen txaleko bat soinean dugula, mehatxatuen alboan ageriko presentzia lana egitea da gure betebeharra. Kolonbian zeharreko barne desplazamenduetan laguntzen ditugu, bileretara, asanbladetara, formakuntzetara, manifestazioetara… eta Estatuko indar publikoa agertzen denean, ejertzitoa edo polizia nazionala, guk hitz egiten dugu haiekin, laguntzen ditugunen eskubideak errespeta ditzaten; Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa, oinarrizko giza eskubideak alegia, betetzen dela egiaztatzen dugu. 24 orduz daramagu larrialdi telefonoa gainean, nekazariek eta ekintzaileek edozein ordutan eduki dezaten norbait beste aldean. Egunerokoa intentsua da egia erran, eta, askotan, zerbeza baten inguruan lasaitzen garenean heltzen da dei gogor horietako bat, non gauden gogorarazten diguna.

Babesten dituzuen nekazari eta ekintzaile horien aldetik ez al duzue mesfidantzarik sumatzen? Paternalismo mendebaldarretik aritzen zaretelakoan edo...

Paternalismoa beti izan da herrialde aberatsek dirua eta politika krudelak justifikatzeko erabili izan duten sistema, baina guretzat elkartasuna ez da azal zuriko txalekodunek kolonbiar gajo batzuk salbatzea. IPO Kolonbiako nekazal mugimendu ezkertiarretik jaio zen; ekintzaile kolonbiarren eta Herrialde Katalanetako nahiz Italiako hainbat militante internazionalistaren arteko lankidetzatik, eta gaur egun ere eurek eskatzen digute laguntza euren kabuz. Badira "modu neutralagoan" lan egiten duten taldeak ere, baina guk ez dugu neutraltasunean sinisten eta argi dugu ze mundu mota nahi dugun, eta Kolonbian nor dagoen bide horretan. Gure presentzia eurek kolonbiar herri prozesua eta borroka garatzeko tresna da, beraiekin batera goaz aurrera, mundua norantza berean aldatu nahi dugun bidelagunak gara.

Eta izan al du emaitzik zazpi urteko ibilbideak?
Mutur-muturreko egoeratan egiten dugu lan: sarritan bonbardaketa baten ostean, sarraskiaren erdian... eta halakoetan zaila izaten da balorazio positiborik ateratzea. Baina eurek behin eta berriro errepikatzen diguten moduan, bizirik jarraitzea asko da eta, beharbada, guk lagundutako gehienak gure artean izatea da lorpen handiena, eta hirietatik mendietara edo herrixketara mugitzeko behar zuten babesa izan garela jakitea. Bestalde, elkartasun internazionalista eta herrien arteko xamurtasuna gauzatzen segitzea garrantzitsua da, etxetik hasi behar dugulako mundua aldatzen. Urte hauetan kide pila bat pasatu dira IPOtik, eta etxera bueltatu direnean militatzen jarraitu dute edo are gehiago konprometitu dira.

Gobernu estatubatuarraren eta enpresa transnazionalen interesei men eginez Kolonbiako gatazka externalizatu egin dela da etxera itzultzen zaretenean behin eta berriz salatzen duzuen kontuetako bat.

Bai, ez baita egia soilik Gobernua, gerrilla eta paramilitarrak ukitzen dituen barne gatazka denik. Nazioartean eskuak garbitzeko asmatutako gezurra da hori. Santosen gobernu eskuindarrak lagun asko ditu, pentsa, Estatu Batuetako armadak zazpi base militar ditu Kolonbian, eta ehundaka multinazional dabiltza lurrak bertakoei erosi edo indarrez kentzen, kasu askotan segurtasun pribatuarekin gainera, edo paramilitarrak erabiliz lurrak 'garbitzeko'. Hortaz, hau ez da kolonbiar gorri eta urdinen arteko liskarra, lurra eta ahalmen ekonomikoa kontrolatzeko borrokan hariak mugitzen dituzten horien guztien artekoa baizik.

Korapilatuta daude hariak...

Bai, 50 urtez egiten eta desegiten joan diren sigla eta interes nahasketen konbinazioa da Kolonbiako gatazka. Labur esanda, herriarentzat antiinperialismoa eta sozialismoa nahi dutenak ari dira borrokan burgesia kapitalistaren munstroaren aurka, baina pixka bat sakontzea nahikoa da honen konplexutasun ikaragarriaz jabetzeko. Alde batetik, linea ideologiko ezberdineko gerrilla iraultzaile pila izan dira: FARC-EP, ELN, M-19, Quintin Lame, EPL, EPR... Eta mugimendu herrikoi eta politikoa ere, ez armatua, oso indartsua da. Bestalde, Gobernuaren indar publiko eta legalaz gain, hamarnaka talde paramilitar daude: Rastrojos, Aguilas Negras, Urabeños, AUC... azken hauek, euren artean ez ezik, narkotrafikoarekin ere nahasten dira gainera...

Hain justu narkotrafikoaren aurkako ustezko borrokaren aitzakiapean jasan dituzte kolonbiarrek giza eskubide urraketa larrienak. Baina, nork eta nola artikulatzen du engainua?

Ustezko gerra horrek bi helburu ditu. Batetik, Plan Colombia deritzona justifikatzea, hau da, armada estatubatuarra Kolonbian sartu izana eta gainera hau bertako baliabideekin finantzatu izana justifikatzea eta horretan segitzea, beste hainbat arma negozioren artean. Eta bestetik, landak kutsatuta nekazariak euren lurretatik botatzeko sistema perfektua sortu dute. Zerutik, hegazkinetatik, glisofatoa isurtzen dute teorian koka landarea suntsitzeko, baina horrek uzta osoa hondatzen du laborariak jatekorik gabe utziz, eta bizirauteko adina ez dutenean, lekualdatu behar izaten dute. Orduan, enpresei lurrak oparitzeko aukera ederra du Gobernuak.    

Ze beste forma hartzen ditu gehiegikeria honek?

Libreki desplazatzeko eskubidea kentzen diete herritarrei, soldaduek legez kanpoko zerrendak osatzen dituzte euren izenekin, argazkiak ateratzen dizkiete kontroletan, eskoletan eta etxeetan kanpamentu militarrak altxatzen dituzte borroka armatuan ez dabiltzan herritarrak ezkutu gisa erabilita, janaria kentzen diete arroz zakuak gerrillarientzat izan daitezkeelakoan, herrietara sartu eta gizon guztiak plazara deitzen dituzte atxiloketa masiboak egiteko bertan gerrillari asko dagoela argudiatuz, agindurik gabe espetxeratzen dituzte eta kartzeletan edukitzen dituzte inolako epaiketarik gabe eta isolamenduan, torturak… zerrenda luzea eta krudela da.

Eta nola erantzuten du jendeak?

Denetarik dago, gutako bakoitzak desberdin jokatzen baitu beldurraren aurrean, baina asko dira kontra altxatzea erabaki dutenak; salaketak jartzen dituzte, gauez herri-zaintzak antolatzen dituzte armada sartzen denean ohartarazteko, gu bezalakoei lekukotzak bidaltzen dizkigute nazioartean ezagutzera emateko… guztia mehatxupean eta sekulako gizarte kontrola jasanda egiten dute gainera, ejertzitoak herrietako telefono publikoak ere kontrolpean dauzka eta. Bizitza egunero arriskatzen dute duintasunagatik, "dena" kendu diete baina borroka gelditzen zaie. Niretzat horiek dira Kolonbiako benetako heroiak, miresten ditut.

Latza da faktura.

Bai, zifrek beldurra ematen dute. Bost milioi lagunek utzi behar izan dute euren etxea gogoz kontra, gatazkaren ondorioz; barne desplazamenduari dagokionez, munduko bigarren herrialdea da Kolonbia. 50.000 herritar baino gehiago desagerrarazi dituzte urte hauetan; alderdi politikoak osotara akabatu dituzte; pobrezia eta miseria tasak ikaratzeko modukoak dira; emakumeak gerra harrapakin edo sariak dira eta, beraz, mota guztietako indarkeriak jasaten dituzte. Ixiltzeari uko egin eta borrokatzen duten guztien kontrako jazarpena, mehatxuak eta erailketak eguneroko ogia dira. Herriari eskubide zibil eta politiko oro ukatu zaio.  

Abiatu den bake prozesuak, ez dakit izen hori gustatuko ote zaizun,
 zertan alda dezake jende honen egoera?
Egia errateko… ideiarik ez. Sinetsi nahiko nuke zerbait aldatuko dela, Kolonbiako herritarrak eta nekazariak beraien etxeetara itzuliko direla, elikadura subiranotasuna berreskuratuko dutela, Estatuaren gerra zikinaren biktimek egia ezagutuko dutela, paramilitarrak ez direla Gobernuko aulkietan eseriko, indigenen lurrak errespetatuko dituztela… baina hori oso epe luzera izanen da edo ez da inoiz ere izanen, ez behintzat eskuindarrek boterean jarraitzen badute. Herri mugimendu gehienek ilusioa dute orain irekitzen ari diren bideekin, baina egoera larria da eta ez da paper batzuk sinatzearekin konponduko.

[Babes fisikotik haratago, IPOk lan politiko aparta ere egiten du, eta hortaz, landan txalekoa soinean ez dabiltzanean, Bogotako egoitzatik aritzen dira bilera instituzionalak lotzen. Estatuko presidenteordetzarekin batzartu ohi dira, Nazio Batuen Erakundeko ordezkariekin, alderdi ezberdinetako politikariekin, enbaxadoreekin... giza eskubideen bortxaketen inguruko kezkak eta salaketak eramaten dizkiete mahai gainera. Nazioartean, gainera, batez ere Europan, sare oparoa dute osatuta, europarlamentariek, sindikatuek, gizarte mugimenduek, torturaren aurkako taldeek, giza eskubideen aldekoek... denek Kolonbian gertatzen denaren berri izan dezaten bertatik bertara.]

Sare horrek eragiten duzuen presioa biderkatzen du, ezta?

Bai, segurtasuna eta indarra ematen digu Estatuaren aurrean. Zenbat eta sare indartsuagoa izan, zenbat eta nazioarteko begi gehiago eduki gure atzean, orduan eta eraginkorragoak gara. Teknika horri 'presio-disuasio' esaten zaio gure munduan.

Nolako harrera izaten duzue normalean? Nola ikusten zaituztete Estatuaren ordezkariek?

Mehatxua gara haientzat. Formak zaintzen dituzte eta aurpegi atsegina jartzen digute baina, era berean, bisak ukatuz-eta sekulako ahalegin burokratikoak egiten dituzte Kolonbian sar ez gaitezen. Interes ekonomikoak dituzte herrialde aberatsetan eta, hortaz, ez zaie komeni guk euren miseriak azaleratzea. Komunikabideak erabiltzen dituzte gu seinalatzeko eta, gezurrak erranez, gure sinesgarritasuna zalantzan jarri eta egiten dugun lana desprestigiatzeko. "Gerrillari bidea zabaltzen dion matxetea" garela esaten dute.

Nola bizi du hau guztia, bere artean, 27 urteko lesakar batek?

Honek kostu pertsonala dakar, baina Kolonbiara lehenengo aldiz joatea erabaki nuenean banekien. Gizakiaren gordintasuna ikusten duzu parez pare, zer nolako munstro bilakatu gaitezkeen. Nola izan gaitezke gai norbait puskaka mozteko? Eta jakiten duzu entrenamendu 'egoki' batek denok bihur gaitzakela halako; gogorra da. Sarraskiak zerbait aldatzen du zure baitan, betirako. Beldurra, egiazko beldurra bizitzen duzu lehen aldiz, heriotza hurbileko zerbait dela sumatzen duzu, gaur eta orain bizi zara, eta bertakoek irakasten dizute hori asko dela. Esperientzia hauek betirako urrundu naute urte luzez alboan eduki ditudan zenbait pertsonengandik, ezkorragoa naiz batzuen arazoekin, ezin dut saihestu, baina era berean, militante askorengana gerturatu nau, sufritzen duten pertsonengana, eta aunitz ikasi dut.

Ba al dago IPOn hasteko gutxieneko baldintzarik?

Ez, tira, Kolonbiako historia, politika, gatazka, aktore armatuak, multinazionalak eta nazioarteko interesak, Kolonbiako konstituzioa, nazioarteko legediak… horri guztiari buruz aritzen gara formakuntza garaian; alderdi psikosoziala ere lantzen dugu eta kontrol militarrak simulatu. Gero baloratu egiten da pertsona bakoitza gai ote den IPOrekin Kolonbian aritzeko, baina, dena dela, Bogotako etxera ailegatzean ere segitzen du ikasketak, asko irakurri arren bertan egon arte batek ez baitu ulertzen zein den gatazkaren dimentsioa eta errealitatea. Militatzeko gogoa eta estres handiko muturreko egoeren aurrean lasaitasunez eta hotz jokatzeko gaitasuna dira gehien baloratzen diren ezaugarriak.