Irakurri eta idatzi bizitza luze eta oparoagoa nahi baduzu

Denboraren poderioz gure garun eta gorputzak narriatu egiten dira. Gaitasun atletikoak iraganeko mirari bihurtzen dira eta garunak ohikoak ez zituen erronkak gainditu behar izaten ditu. Alabaina, irakurri eta idaztea gure bizi-denboran immune mantentzen diren gaitasunak dira.
Gure hizkuntza gaitasunek ez dute zahartzaroaren atrofia orokorretik biziraun bakarrik egiten, aro horretatik onurak ere ateratzen dituzte. Hau da, hobetuz joaten dira zahartu ahala. Honela, hauek elikatuz gero, heriotzatik eta dementziatik denbora gehiagoz urruntzen lagunduko digute.
Memphis Unibertsitateko Roger Kreuz-ek hizkuntza eta zahartzearen inguruko loturetan sakondu du eta berri onak dakartza. Hizkuntza sortu eta ulertzeko gaitasuna ondo mantentzen dela adin nagusietan ere aurkitu du. Gaitasun zehatzak, hau da, esanahien ezagutzez gainera, helduaroan eta zahartzaroaren hasiera baino lehentxeago izugarri hobetzen dira. Beraz, pertsona helduek lexikoaren ezagutza zabalagoa dute gazteagoek baino.
Ikerketa baten arabera, adineko pertsonek 21.000 hitzeko hiztegia dute, aldiz, unibertsitateko ikasleek 16.000 hitzekoa. Bestalde, ikusi da gure hizkuntza gaitasunak etorkizuneko garun arazoak azpimarratu ditzakeela. Hau da, narriadura kognitiboaren zantzuak hamarkada batzuk lehenago, arazoa agertu aurretik, behatu litezke idazketaren bidez.
1996ko ikerketa batek hau horrela dela frogatzen duen probak aurkitu zituen. Ikertzaileek hainbat pertsonaren idazkera aztertu zutenean ikusi zen zenbaiten konplexutasun gramatikalak etorkizunean dementzia garatzea aurreikus zezakeela.
Beraz, badakigu gure irakurtzeko eta idazteko gaitasuna zahartzaroan mantentzen dela eta askotan hobetu ere egiten dela. Ez hori bakarrik, ordea, ikerketak gaitasun hauen erabilera hedakorrak narriadura kognitiboa eragotzi lezakeela dio, beste hainbat osasun arazorekin batera.
Frogatu da eguneroko bat edukitzea bezalako keinu txikiek dementzia forma askotarikoak garatzeko aukerak gutxitzen lagundu lezakeela. Irakurketa ere gakoa da, gure buruan fikziozko unibertsoen eraikuntzak kognizio indartsuago bat eraikitzen laguntzen baitigu eta gure osasuna ere, oro har, hobetu. Beraz, ez galdu idatzi eta irakurtzearen plazera.
GAZTEZULO horretan laguntzeko prest dago, hilabetero, gure aldizkariarekin. Harpidetzeko asmotan bazabiltza hemen informazio guztia!