Iraganaren korapiloa

Iraganaren korapiloa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/iraganaren-korapiloa/@@download/image/2011146981drago_1361551562.jpg
2011/01/07
erreportajea
Joan den urtean '80 egunean' eta 'Izarren Argia' euskarazko pelikulak iritsi ziren zinema aretoetara. Aurten heltzen lehena 'Dragoi ehiztaria' izango da. aste gutxi barru ikusi ahal izango da Hego Euskal Herrian.

100 tekniko, 50 aktore, 700 extra, 60ko eta 80ko hamarkadetako 100  ibilgailu, M-25 helikopteroa… horiek dira Dragoi Ehiztaria filmaren datutzarrak. Euskaraz eginiko pelikularik garestienaren aurrean gaude. Bi milioi eta erdi euro behar izan dituzte, zehatz- mehatz. 2009ko urriaren 19an hasi ziren errodatzen, eta hilabete eta erdi geroago bukatu zuten. Filmaren zatirik handiena Kuban mamitu zuten eta bertako ICAIC zinema institutuaren laguntza izan dute.

Lan talde eskarmentuduna dago pelikula honen atzean. Hasteko eta behin, Patxi Barco zuzendaria. Donostiarrak El final de la noche zuzendu zuen 2004an eta haren esanetara Asier Hormazak eta Itziar Ituñok jokatu zituzten protagonisten rolak. Oraingoan ere haiek biak dira istorioaren ardatza. ETA pm-n jardun ostean El Salvadorreko gerran borrokatzera joandako Gorkaren larruan ari da Hormaza, eta bertan ezagututako Maddalen erizainaren rola jokatzen du Ituñok. Gazte garaiko ibilerak Aitor seme txikiari nola kontatu. Hori da Gorkaren pertsonaiak askatu beharreko korapiloa. Ormaza eta Ituñorekin batera, besteak beste, Mikel Losada eta Jorge Perugorria aktore kubatarra aritu dira.

Filmeko ekoizleak berak ere, Angel Amigok, bide luzea egina du zinemagintzan. Zuzendari eta ekoizle lanak tartekatu izan ditu. Haren aurreko lana El año de todos los demonios dokumentala izan zen. ETA pm-ko kide izan zen Amigo, eta hain justu, erakunde horretako kide izandako Eduardo Moreno Bergaretxe Perturi buruzko lana zuzendu zuen Amigok. 34 urte dira Pertur desagertu zela eta auziak argitu gabe jarraitzen du.

Itziar Ituño “Esperientzia itzela izan zen Kuban errodatzea”



Itziar Ituño bilbotarrak jokatzen du Maddalenen rola 'Dragoi ehiztaria' pelikulan. Urteak daramatza Goenkalen, Nekaneren larruan, eta 'Izarren Argia'n moja zital batena egiten ikusi berri dugu.Nolakoa da Maddalen?Katolikoa da, kooperantea eta erizaina. Sentikortasun handiko pertsonaia da, eta mota guztietako indarkeriaren kontra dago. Gorkarekin maiteminduko da eta bikotea osatuko dute.

Zer oroitzapen duzu Kuban errodatzen igarotako boladaz?Kuban ez nintzen aurretik egona. Errodajea gogorra izan zen, ia egunero jardun ginelako. Esperientzia itzela izan zen. Ia bi hilabete izan ginen han. 35 bat lagun joan ginen eta han ICAICeko kideek lagundu ziguten; profesional izugarriak dira. La Habanan errodatu genuen batik bat, eta hiria zertxobait ezagutu ahal izan banuen ere, itzultzeko gogoa dut.

Kubako ICAIC eskolak sona handia du, eta bertan trebatzen dira munduko txoko askotako zinema zuzendari gazte asko. Zer moduz bertako kideekin?
Gurekin batik bat helduak aritu ziren, baina lau gauzatxorekin egiten zutena demasa zen; sekulako irudimena dute! Bestalde, hemen pelikula bat egiten dugunean beti presaka gabiltza, tentsio puntuarekin ekoizlearekin edo makillatzailearekin. Kuban, ordea, ez dute horrela jokatzen. Estres barik, lasai, baina dena finkatutako orduan, hori bai.

Euskal zineman inoiz egindako film garestiena dela zabaldu da. Zama al da hori zuentzat?
Hori ekoiztetxearen kontua da. Nik ez dut horrela hartzen, eta erantzukizuna beti izaten da. Nik zuzendaria, ekoizlea eta aktorea ezagutzen nituen aldez aurretik, eta horrek lasaitasuna ematen dizu proiektuari baiezkoa emateko garaian. Hala ere, begiek dir-dir egin zidaten Kuban errodatu behar genuela esan zidatenean.

Sor Angustiasen rola jokatu zenuen duela hilabete gutxi estreinatutako 'Izarren Argia'n.
Izarren Argia 2009ko uztailean errodatu genuen, hura bukatuta Goenkalen jardun nintzen eta jarraian, Dragoi ehiztaria. Dragoi ehiztarian pertsonaiak pisu gehiago du. Izarren Argian oso gustura aritu nintzen moja frankistaren paperean aritu banintzen ere; moja beti ildo beretik zihoan. Maddalenek, berriz, aldaketa handiak jasaten ditu.

Zer beste proiektu duzu esku artean?
Krisia dela edo beste zerbait dela, basamortuan gaude. Hala ere, Arkadia pelikula iaz Sitgesen estreinatu izanak poza eman zidan. Duela urte batzuk egin genuen, musutruk, Artikutzan eta Pagoetan, eta jada galdutzat ematen genuen. Maitagarri film txikia da, fantastikoa.