Iraganaren bildumagileak

Iraganaren bildumagileak Noizbait etxean hauts artean aspaldi grabatutako pelikulatxo bat topatzen baduzu, ez bota! Proiektors taldeko kideek poz handiz jasoko dute zure familiaren oroipen txiki hori. Pasio handiko zaletasun bat dute Aitor Alberdi, Etor Larrañaga eta Jesus Mari Agirrek; garai batean Euskal Herriko etxeetan grabatu eta ondoren sotoan ahaztutako filmak errekuperatzea. Herriz-herri dabiltza, proiektore zaharrak konponduz eta nahi duenari gordetako film zahar horietako sekretuak argitara ematen; Alberdirekin izan gara, eta iraganera bidaia polit bat egin dugu. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/iraganaren-bildumagileak/@@download/image/0113_proiektors1.jpg
2018/02/07
elkarrizketa

Ane Urrutikoetxea

Noizbait etxean hauts artean aspaldi grabatutako pelikulatxo bat topatzen baduzu, ez bota! Proiektors taldeko kideek poz handiz jasoko dute zure familiaren oroipen txiki hori. Pasio handiko zaletasun bat dute Aitor Alberdi, Etor Larrañaga eta Jesus Mari Agirrek; garai batean Euskal Herriko etxeetan grabatu eta ondoren sotoan ahaztutako filmak errekuperatzea. Herriz-herri dabiltza, proiektore zaharrak konponduz eta nahi duenari gordetako film zahar horietako sekretuak argitara ematen; Alberdirekin izan gara, eta iraganera bidaia polit bat egin dugu.
Iraganaren bildumagileak

Nola sortu zen etxeko film zaharrak errekuperatzeko Proiektors talde bitxi hau?

Duela lau urte, pilatutako proiektore eta filmekin erakusketa bat sortzea erabaki genuen Leintz Gatzagako Hustu ganbarak ekimenaren bueltan, jendearen arreta pizteko helburuz. Hor sortu zen Proiektors; handik aurrera, Etor Larrañaga, Jesus Mari Agirre eta ni Proiektors osatu genuen, aurkitu eta konpondutako proiektoreak baliatuta familiek ganbaretan erreproduzitu ezinik hautseztatuta dituzten zeluloidezko filmak berreskuratzea helburu duen ekimena.

 

Eta zer moduz doaz filmen erreskate lanak?

Ba egia esan, hasieran erantzuna ez zen guk espero genuena izan; atez-ate joka hasi ginen inguruetan, eta konturatu ginen askok ez zuela interesik, edo ez zuela erakutsi nahi beren senideek grabatutakoa. Hala, eskatzera joan beharrean, beste estrategia bat planeatu genuen; herrietan erakusketan antolatzen hasi ginen, amu moduan. Bertan, bi gauza eskaintzen hasi ginen; alde batetik, proiektore zaharren erakusketa, eta bestetik, proiektoreak konpontzeko zein etxean gordetako film zaharrak erreproduzitzeko eskaintza. Horrek hobeto funtzionatu du, askok dagoeneko ez dituztelako dagozkien proiektoreak etxean dituzten film zahar horiek ikusteko.

 

 

Harribitxirik topatu al duzue?

Esploratzaileak gara, beti da gure interesekoa filmetan topatzen duguna. Gehienetan, egunerokotasuneko eszenak dira, eta ez dute ezer berezirik erakusten, lehen begiratuan behintzat; baina eraman ditugu sorpresatxoak. Askotan zaila egiten zaigu ikusten ari garena dagokion testuinguruan sartzea; ez dakigu Euskal Herria den, zein herritan dauden, zer ari diren egiten...

 

Zenbat film berreskuratu dituzue?

Materiala badago, dagoeneko 300 bat film topatu ditugu. Pelikula txikiak izaten dira gehienetan, 8mm-tan errodatuak; metraje motzak dira, Super8an grabatutakoak.

 

Egun edozein unetan ateratzen ditugu argazki eta bideoak; zer da garai batean filmatzen zutena?

Gehienbat izaten dira jaunartzeak, ezkontzak, bazkariak, Gabonak... mahai-inguruak asko agertzen dira, ospakizun giroak dira nagusi. Dena den, asko nabari da filmatzeak bazuela kostu bat, ondoren errebelatu egin behar ziren pelikula horiek, eta dirutza zen; zentzu horretan, familia dirudunek egiten zituzten halako filmak gehienbat. Eta harrigarria bada ere, kosta aldean film asko aurkitu ditugu; antza denez, arrantzaleek eta itsas jendeak bazuen filmatzeko ohitura, jende aurreratua zen.

 

 

Nolako erreakzioa izaten dute familiek beren arbasoen bideoak ikusten dituztenean?

Hunkitu egiten dira gehienetan; azken finean, haientzat ere altxorrak dira, guretzat bezala. Batzuetan haserretu ere egin izan dira, ikusi dutenak une gogorrak edo mingarriak ekarri dizkietelako gogora. Horregatik, gu saiatzen gara filma egoera onenetan bueltatzen. Euskal Filmategiak laguntzen digu horretan; filma digitalizatu, zentzu bat eman, musika apur bat txertatu, eta beste itxura bat ematen diogu. Ondoren, senideak ados badaude, filmaren kopia bat gordetzen dugu.

Eta zer egiteko asmoa duzue iraganeko puzzle pieza guzti horiekin?

Gure asmoa da film bat osatzea, pieza esanguratsuenekin. Hori zen Proiektors taldea sortu genuenean buruan genuen ideia, eta horrekin jarraituko dugu. Bitartean, herriak bisitatzen jarraituko dugu gure erakusketarekin, eta jendeari etxean dituzten film ahaztu horiek gurekin partekatzeko gonbita luzatzen diegu.