Internamendu egoitzak, adingabeen kaiolak

Internamendu egoitzak, adingabeen kaiolak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/internamendu-egoitzak-adingabeen-kaiolak/@@download/image/63p44-1.jpg
2006/05/05
erreportajea
Unai Brea
18 urtetik beherakoak ere egon daitezke giltzapean. Kasu honetan, zigorrak ez dira zigor, "neurri" baizik, eta espetxeen ordez, "egoitzak" ditugu. Hala ere, egoitza horietako batzuek espetxearena egiten dute, ohikoena ez izan arren.

2000 urtean ipini zuten indarrean Adingabeen Legea. Legearen arabera, 14 eta 18 urte bitartekoek erantzukizun penala daukate, eta epaileak hainbat "neurri" –kasu honetan "neurriak" dira, ez zigorrak- ezarri ahal dizkie. Internamendua da horietako bat. Internamenduak hainbat maila dauzka: erregimen itxia, erdi-irekia, irekia… Gazteek "heziketa", "aisialdi" eta  antzeko izenez bataiatutako ekintzak garatuko dituzte, internamendu-zentroan edo hartatik kanpo, ezarritako neurriaren arabera. Gaua, beti ere, zentroan emango dute.

Hego Euskal Herriak baditu bere zentroak noski, horietatik hiru -EAEn hirurak- erregimen itxikoak. Nafarroan, erregimen erdi-irekikoak baino ez daude oraingoz. Denetik dago bizi-baldintzei dagokienez, eta lantzean behin, zentro hauetako bat komunikabideetan agertzen zaigu, liskar hau dela edo arazo hura dela. Handiena, eta ezagunena seguraski, Ibaiondo da, Zumarragan.

Istilu larriak

Ibaiondok 34 gazte hartzeko lekua dauka, mutilak denak, eta ia beteta dago. Erregimen itxiko beste egoitza biak sano txikiagoak dira, eta Araban daude. Andollun bata, neskentzat, eta Aramaion bestea, mutilentzat. Hala ere, zentro horietako gazte guztiak ez daude erregimen itxian; batzuk gauez baino ez dira joan behar.

Aipatutako hirurak Eusko Jaurlaritzaren menpe daude. Gainerakoak pribatuak dira, eta ez hain baldintza gogorrekoak. Nolanahi ere, horrek ez du eragotzi zenbait istilu larri izatea, Loiukoan esaterako. Zenbaitetan istiluak izaten dira egoitzetan, baina ugariagoak dira beharbada, egoitzan zeuden adingabeek kanpoan eragindakoak, zenbait eraso eta guzti. Inoiz, gainera, eguna egoitzatik kanpo ematen duen gaztea ez da gauez lotara itzultzen.

Los Rosales, arantzadun arrosak

Egoerarik latzena, nolanahi ere, Madrilgo Los Rosales egoitzan dauden hiru euskal gazteek jasaten dute. Gurasoak elkarteko Txusa Etxeandiak gogorarazi digunez, "kale borrokagatik zigortuta dauden adingabeek Madrilgo internamendu-zentroetan bete behar dituzte zigorrak, Auzitegi Nazionalean epaitzen dituztelako; azken urteotan, euskal gazteak Los Rosalesera bidali izan dituzte beti".

Egoitza horretan dauden hiru euskal gazteetako baten aitarekin hitz egin dugu, eta egoera latza deskribatu digu, bertan daudenei espetxe-mina eta guzti sortarazten diena. Laburbilduz, Los Rosalesen dauden adingabeei euren kabuz inolako erabakirik hartzeko gaitasuna ukatu zaiela esan genezake. "Bizitza minutuz minutu daukate kontrolatuta; futbolean tokatzen denean, futbolean; Game Boyarekin jolastea tokatzen denean, Game Boyarekin… eta egin behar". Los Rosalesen zigorrak ezartzen dira janari guztia ez jateagatik, esaterako. Eta zigorra gela huts batera joatea izan daiteke, koltxoi batekin baino ez, hainbat egunez.

Gazteek gaueko bederatzietan joan behar dute ohera, eta ez daukate eskubiderik gelan lanpara bat edukitzeko. Gurasoei ere zigorra ezarri zaie: "Bisita guzti-guztietan derrigorrezkoa da ama edo aita egotea, eta gehienez bi pertsona egon daitezke bisitako. Zunbeltz Larreari ama baizik ez zaio joaten, eta emakumeak lau urte daramatza astebururo Madrileraino bidaia egiten, hutsik egin gabe". Los Rosaleseko euskal gazteek preso politiko izaera aitor diezaieten eskatzen dute, eta espetxe arruntetara eraman ditzatela.

18 urtetik aurrera ere bai


Adingabeen Legeaz gehiago jakiteko, Juana Balmaseda abokatuarengana jo dugu. Esan digunez, “legearen izaera hezitzailea da batez ere, eta internamendua saihesteko ahalegina egiten da”. Balmasedaren ustez, erregimen itxiko internamendua ez da batere ohikoa Euskal Herrian, eta ia ez dago oso delitu larria egiteagatik zigortutako adingaberik. “Gehienetan, neurri hezitzaileak agintzen dira, zaintzapeko askatasuna, eta halakoak. Eta aldiro, neurrien onura aztertzen da. Beraz, baliteke gazte bat zentro mota batean hasi, eta beste batean amaitzea”.

Internamendu neurriak 14 eta 18 urte bitarteko gazteei ezartzen zaizkie, “baina gazteak 18 urte betetzen baditu, eta ezarri zaizkion neurriek mesede egiten diotela ikusten bada, neurri horiekin aurrera jarrai daiteke, 21 urtera arte. Kasu bakoitzean, epaileak erabaki behar du hori”. 18 urte betetako gazteak espetxera ere bidal ditzakete, nahi izanez gero.

Internamenduak gutxitu nahian


Patxi Lopez Cabellok, Eusko Jaurlaritzako Gazte Zaintza arduradunak azpimarratu digunez, internamendu neurriak epaileek agindutakoen %13 besterik ez dira Euskal Autonomia Erkidegoan. Gutxi omen da, baina, hala ere, EAEko Gazte Justizia planak %10era jaitsi nahi du kopuru hori. Izan ere, internamenduak asko ugaritu dira Adingabeen Legea ezarri zenetik. 2004an, esaterako, 142 izan ziren, eta hurrengo urtean 137. Legea indarrean jarritako lehenengo urtean, internamendu kopurua horren erdia zen, gutxi gorabehera.

Horrek ez du esan nahi, hala ere, aldi berean 140 inguru gazte egon direnik internamenduan. Izan ere, EAEn 90 inguru gazterentzako lekua dago egoitza guztiak kontuan hartuta. Eta Joseba Azkarragak 2005eko hasieran nabarmendu zuenez, “inoiz ez ditugu, aldi berean,  internamenduan 43 adingabe baino gehiago eduki”. Hamarretik lau atzerritarrak dira, eta horietako askok ez daukate seniderik inguruan. Jaurlaritzak emandako da-tuen arabera, internamenduan dauden gazteek bost hilabete ematen dituzte, batez beste, egoitzetan.