Instagramek hamar urte bete ditu; nolakoa izan da sare sozial erabilienaren hamarkada?

Instagramek hamar urte bete ditu; nolakoa izan da sare sozial erabilienaren hamarkada? Hilero 1.000 milioi erabiltzaile aktibo dituen sare sozialak aldaketa ugari izan ditu hamar urte hauetan, gogoan dituzu? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/instagramek-hamar-urte-bete-ditu-nolakoa-izan-da-sare-sozial-erabilienaren-hamarkada/@@download/image/I-selfie-therefore-I-am’-Instagram-10-years-on.jpeg
2020/10/05
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Hilero 1.000 milioi erabiltzaile aktibo dituen sare sozialak aldaketa ugari izan ditu hamar urte hauetan, gogoan dituzu?
Instagramek hamar urte bete ditu; nolakoa izan da sare sozial erabilienaren hamarkada?

Duela hamar urte Kevin Systrom eta Mike Kriegerrek sare sozial berri bat sortu zuten San Frantziskon; Instagram. Hasiera batean, mugikorrarekin egindako argazkiei filtroak ezartzeko helburua zuen aplikazioa izateko helburuarekin sortu zuten, eta hala agertu zen Apple App Storen, 2010eko urriaren 6an. Bi hilabeteren buruan, milioi bat erabiltzaile zituzten; 2011n traolak txertatu zituzten, eta urte horren amaieran 10 milioi erabiltzailek deskargatu zuten Instagram. Hamarkada bat igarota, hilabetero 1.000 milioi erabiltzaile aktibo pilatzen ditu, eta uneko sare sozial erabiliena bilakatu da. 

 

 

Instagramen aldaketa nagusiena 2012an iritsi zen, Facebookek erosi zuenean; prezioa? 1.000 milioi dolar. Hurrengo urtean, 100 milioi erabiltzaile zituen dagoeneko. Urte horretan gehitu zuten 15 segundoko bideo motzak igotzeko aukera berria; egun, bideo horiek minutu bateko luzera izan dezakete, eta luzeagoak badira IGTV kanalean igo daitezke (aukera hori 2018an jarri zuten martxan).

Hau da Instagramera igo zen lehen argazkia; Systromek igo zuen, eta kaleko txakur bat agertzen da bertan. Espero ez bazuen ere, argazkiak 180 mila 'atsegin dut' baino gehiago ditu egun.

2016an jaio zen zuzenekoak egiteko aukera, eta baita Snapchat-i aurre egiteko stories-ak ere. Urte horretan logotipoa aldatu zuten, polaroid klasikoa modernizatuz. 2018an, Systrom eta Krieger sare sozialaren fundatzaileek proiektua utzi zuten, beren kreatibitatea eta jakin-mina lantzeko proiektu berrien bila.

Aurten ere, hainbat berritasun gehitu dituzte Instagramen; alde batetik, Reels izeneko bideo motz musikalen kanala, Tik Tok iritsi berriari aurre egiteko diseinatuta; eta bestetik, QR bidez kontuak jarraitzeko aukera. 

Egun, jarraitzaile gehien dituzten famatuak hauek dira: Cristiano Ronaldo (238 milioi), Ariana Grande (203 milioi), Dwayne Jonhson (199 milioi), Kyle Jenner (196 milioi) eta  Selena Gomez (194 milioi). Erabiltzaile gehienek 14 eta 38 urte bitarte dituzte, hau da, natibo digitalak dira. 

Iaz, argazki hau agertu zen Instagramen, World Record Egg izenarekin; eskaera sinplea zen; Instagrameko argazki biralena arrautz hori izatea. Lortu zuten, eta egun oraindik ere 'atsegin dut' gehien dituen argazkia da: 54 milioi.