Inoiz ikusi den CO2 maila handiena

Aurten, munduan inoiz erregistratutako CO2 maila altuenera iritsi gara. Gizateriaren historian, inoiz ez da halako daturik jaso; 415 zati milioi bat karbono dioxidoko.
Datua kezkagarria da, izan ere, historia guztian aurretik sekula ez dugu halako negutegi efektuko gas kopururik izan. Datua Hawaiko Mauna Loa Behategiak jaso du; Eric Holthaus metereologoaren hitzak benetan gogorrak izan dira: "Halako daturik ez da sekula ezagutu, ez soilik erregistroak egiten hasi ginenetik, ezta duela 10.000 urte nekazaritza asmatu genuenetik ere. Gizakiak existitu aurretik, duela milioika urte, ez da halakorik gertatu. Ez dugu egungo planeta ezagutzen".
Zoritxarrez, gaurko eguna ahazturan eroriko da, oraingoz behintzat; ikerlari eta zientzialariek urteak daramate etortzeke dagoenaz abisatzen, baina entzungor egin dute enpresa eta fabrika erraldoiek. Autoek kutsatzen jarraitzen dute, berogailuek... Mundua ez da ados jartzen hartu beharreko neurrien inguruan, eta bitartean, denbora agortuz doa. Batzuek jarri dute atzera bueltarik gabeko data: 2030.