Indartsu dator 2. Kutxa Kultur Festibala

Indartsu dator 2. Kutxa Kultur Festibala https://www.gaztezulo.eus/albisteak/indartsu-dator-2-kutxa-kultur-festibala/@@download/image/kutxa_kultur_20_1377593481.jpg
2013/08/28
berria
Indartsu dator 2. Kutxa Kultur Festibala
Dagoeneko zuetako gehienok jakingo duzuen moduan, Kutxa Kultur Festibalaren bigarren edizioa irailaren 6an eta 7an egingo dute Donostiako Igeldo Parkean. Crystal Fighters, Delorean, Dinosaur JR eta Belako bezalako taldeak entzuteko parada izango da, eta GAZTEZULOn ostiralerako bi sarrera bikoitz zozkatuko ditugu Kutxabanki esker!


Musikak eta giro lasaiak hartu zuen iaz, iraileko bigarren asteburuan, Donostiako Igeldo mendian dagoen Jolas Parkea. Orduko hartan The Raveonettes, The Whip, Russian Red, The Horrors eta Love Of Lesbian izan ziren Kutxa Kultur Festibaleko protagonista nagusiak, eta haiekin batera aritu ziren beste hainbat euskal eta atzerritar talde. Chil out eremua, globo aerostatikoa, terraza tropikala… prestatu zituzten antolatzaileek, eta eguraldia lagun, musika bikainaz gozatzeko aukera izan zuten ehunka ikus-entzuleek.

Bigarren edizioa lehena bezain indartsu dator. Irailaren 6an eta 7an, ostirala eta larunbata, egingo dute jaialdia, eta sarrerak aspaldi jarri zituzten salgai Kutxaren webgunean. Jaialdiko egun bakoitzerako paseak 16 euro balio ditu, eta kontzertuen ostean, 01:00etatik 07:00ak arte, Gasteszenan egingo dituzten After Party-etara joan nahi baduzu, 10 euro ordaindu beharko dituzu. Sarrerak oraindik eskuragai daude.

Bi egun, hiru eszenatoki
Parkearen baitan hiru eszenatoki jarriko dituzte: eszenatoki nagusia, Dance Hall eszenatokia eta Kutxa Kultur Musika eszenatokia. Jolas parkeko ateak 15:00etan zabalduko dituzte, eta gaueko 00:30ak arte musika izango da entzungai etengabe.

Crystal Fighters eta Dinosaur JR taldeek, eszenatoki nagusitik, itxiko dituzte lehen eta bigarren egunetako kontzertu sortak hurrenez hurren, baina haien aurretik Belako, Delorean eta Junip bezalako taldeak izango dira entzungai ostiralean, eta Built to Spill, Dover eta Audiencen gisakoak larunbatean. Makala eta Budin DJ-ek musika elektronikoa jarriko dute bi egunetan Dance Hall eszenatokian, eta hainbat euskal talde ere ariko dira Kutxa Kultur Musika taulatik.

Paraje zoragarria, talde indartsuak eta musikarik onena bi egunetan kontzentratuta. Eta gainera, Kutxabanki esker, bi sarrera bikoitz zozkatuko ditugu ostiralerako! Eman izena, gazte!