Iñaki Altolagirre 'Matxet' (Anai-Arrebak): "Taldearengan muturreraino sinetsi behar da"

Iñaki Altolagirre 'Matxet' (Anai-Arrebak): "Taldearengan muturreraino sinetsi behar da" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/inaki-altolagirre-matxet-anaiarrebak-quottaldearengan-muturreraino-sinetsi-behar-daquot/@@download/image/20121059529anai_1360229175.jpg
2012/10/05
elkarrizketa
Testua: Maialen Goñi, Argazkiak: Oscar Alonso
Euskal rock dantzagarria genero arrakastatsu bihurtu du Pasai Donibaneko taldeak. Boskotea seikote bihurtu berritan, bigarren lana labetik ateratzekotan dira.

2012a Anai-Arrebak-en urtea izan da: Arabatakadako maketa lehiaketa irabazi zenuten, baita Euskal Herria Zuzenean musika lehiaketa ere, Donostiako Aste Nagusian jo zenuten, Kutxa Kultur Festibalerako hautatu zintuzteten… Nola bizi izan duzue hau guztia?
Urte eskas daramagu kontzertuak ematen, eta oso pozik gaude. Bagenekien esku artean genuena gauza ezberdina, berezia zela, baina ez genuen uste horren indartsu hasiko ginenik! Kontzertu guztiak sekulakoak izan dira.

Nola zeuenganatu dituzue epaimahaiak?

Jende asko hurbildu zaigu esanez bazela garaia, halako musika beharrezkoa zela gurean. Baina tira, beharbada proposamenaren freskotasunak eragin du epaimahaiengan.

Nola definituko zenukete zuen musika?

Dance-rock?! Disco-punk?! Dantzarako musika rockarekin nahastuta… edo horrelako zerbait!

Zein dira zuen inspirazio iturriak?

New Yorkeko elektronika eta rocka nahasten dituzten taldeak ditugu erreferentziatzat: LCD Sounsystem, Head Automatica, !!!, The Rapture... 70eko eta 80ko hamarkadetako funk-disco musika ere maite dugu, eta gure inguruan, Xabier Montoiaren M-ak taldea, Tele-kantak 1984an kaleratutako telebistako kanten diskoa, eta Parafunk 90eko talde donostiarra.

Zuen estetika eta eszenatoki gaineko izaera probokatzaile hori, musikarekin bat doa ala musika egokitzen zaio estetikari?

Ez dauka musikarekin zerikusirik, gure izaeraren baitan dago! Izan ere, gauza bera esan dezakezu aldez aurretik aritu garen talde guztiei buruz. Estiloak ez dauka garrantziarik, jendeari egiten duzuna transmititzeak baizik.

Eszenatoki handiak ala areto txikietako kontzertuak nahiago?

Egia esan, berdin zaigu toki txikietan ala handietan aritu, beti oso ondo pasatzen dugu.

Bideoklipa ere egin zenuten otsailean!

Halaxe da. Maite zaitut, ez! kantaren bideoa egin genuen, eta Maiteminduen Egunean estreinatu. Esperientzia oso ona izan zen! Merkataritza gune bateko aparkalekuan eta Bonberenean grabatu genuen, arratsaldeko lauetan hasi eta gaueko hiruak arte. Lan berrirako beste ideia bat dugu buruan… baina sekretua da!

Barkatu atrebentzia baina Matxet, Margarita Andereñoa, Kapitan, The Commander, Manulay... ez duzue izen normal bakar bat ere!

Ez, eta taldeko gitarra jole berria ere Ekaitz Bionikoa da!

Baina goazen hastapenetara: Marga eta zure ideia izan zen Anai-Arrebak taldea sortzea, ezta?

Bai. Jousilouli-rekin amaitutakoan, gisa honetako proiektu bat nuen buruan, baina Naizroxa taldea sortu genuen, oso era naturalean sortu ere, eta bertan murgildu nintzen buru-belarri. Bost urtez musika 'gogorra' egin ostean, baina, su-etena behar nuen, eta musika mota hau gustuko genuenez, arrebak eta biok taldea abiaraztea erabaki genuen; oso berezia izan zen, zazpi urteren ostean ametsa egi bihurtu baitzen! Nire alboan edukitzea izugarria da... Gainerako taldekideei dagokionez, Iñigo Naizroxako taldekide nuen, eta argi genuen haren anaia Manuk ere gurekin jo behar zuela. Margak Ander bateria aldez aurretik ezagutzen zuen, eta egitasmoa komentatu genionean baiezkoa eman zigun. Orain bi hilabete, azkenik, Ekaitz sartu da, taldea indartzeko.

Eta nola daramazue familia eta lana uztartze hori?

Ondo, noizbehinka izaten ditugu gatazkak gure artean, baina bost minututan konpontzen ditugu!

Uneotan bigarren lana grabatzen ari zarete, ezta?

Bai, urriaren 18an kaleratuko dugu, nahasketak amaitzen ari gara.

Eta zer eskainiko du?

Aurreko lana baino askoz dantzagarriagoa izango da, estilo ezberdin ugari ukitu ditugu; eta oso dibertigarria izango da. Mundua azken aldian nola dagoen ikusita, tristura eta negarra besterik ez, jendeari energia positiboa bidaltzea da gure asmoa. Gure eredua jarraituz, kontzertuetan arazoak albo batera utzi eta ondo pasa dezatela!

Aurreko diskoa sorpresaz beteriko gutun-azalean aurkeztu zenuten… Datorrena?

Hura gure aurkezpen-gutuna izan zen, eta kontzertuetan banatu genuen. Bigarren diskoa, aldiz, Bonberenearekin kaleratuko dugu, eta aurreratu dezakedan bakarra diskoak formatu berezia izango duela da.

Zenbat sekretu! Beraz, autogestioa da zuen bidea…

Bide gogorra da, denbora eta gogoa behar dira. Baina gauzak ongi eginez gero, diskoetxe bati lan guztia egiteko dirua ematea baino askoz ere aberasgarriagoa da. Guk bi oinarri defendatzen ditugu: taldearengan muturreraino sinestea, eta lana, lana eta lana egitea. Ez dago beste sekreturik!