Inachis io

Inachis io https://www.gaztezulo.eus/albisteak/inachis-io/@@download/image/2010714157udane_1362097007.jpg
2010/05/07
erreportajea
Udane Goikoetxea
Inachis io


Itzali dut irratia eta piztu kandela. Arkatz beltza zorrotz dago. Edonon eta edonoiz idatziko nuke. Oparitu zenidan arkatza, eta aste bi lehenago kuadernoa, hau ere beltza. Lagun egin dira eta euren laguntasunaren euskarri dira letrak, kateatzen diren letrak. Orain, banatu ezinak dira.

Azalaren eta izerdiaren antzera. Hego bakarreko tximeletarik ere ez dago.
Telefono hotsa.

Beste aldean betiko ahotsa jirafez berbetan, hitzak xuxurlatuz.
Eta nik beti erantzuten diot gauza bera, behin besarkatuko nukeen jirafa betiko maiteko nuke.

Hitz asko egiten du beti. Ni isilago egoten naiz eta pentsakor. Jirafen betileek tximeleten antza daukate. Milaka, kolore guztietakoak, tamaina anitzetakoak, bakoitza bere hegaldi perfektuan. Eta, itauntzen diot neure buruari, inoiz pausatuko ote zen tximeletarik jirafen betileetan. Horrela balitz, polinizazioaren katean ingumak ezinbesteko lirateke.

Hariaren beste aldekoarentzako itauna orain: pentsa dezagun erantzun guztiak dauzkan hirugarren bat dagoela biokin telefonoz hizketan. Nik polinizazioaz galdetuko nioke eta zuk? Zertara etorri naiz hona, zenbat denbora daramat horrela- diost.

Ez dago hirugarrenik eta hasi natzaio kontua argitu nahian...
Bizitzak hizkuntza berri bat exijitzen du. Isiltasuna dezifratzeko kode berriak eta, agian intuizioa. Inertzia izan liteke, beste batzuek erroetara itzultzea deritzena. Kontu batzuk ez ulertzeko eginak izan dira. Eta gauero ohera goazenean azala eranzten dugu izarak ametsez tindatzeko. Azalaren memoriaz ez eta izaren memoriaz, ez, ez dakit ezer. Kontu batzuk ez ulertzeko eginak dira. Baina, gu beti temati. Eguzkiak badaki ez duela ezer demostratu behar. Gurpilak ere berez dira biribilak.

Gaur birritan egin  dugu berba telefonoz. Dena ondo. Eguna zelan joan den galdetzen dit eta bitartean dabilen hego-mendebaldeko haize indartsua emozioz deskribatzeko ahalegina egiten du. Dena ondo dagoela dakit orduan. Beti egiten du paisaiaren edo naturaren erreferentziaren bat: jirafak, haizea. Nik bere begietatik ikustea nahiko balu bezala. Bat-batean aurreztu diot hitza: Inachis io naiz. Pauma tximeleta, alegia.

Itzali dut kandela eta piztu irratia. Arkatz beltza kamuts dago. Edonon eta edonoiz idatziko nuke. Oparitu zenidan arkatza, eta aste bi lehenago kuadernoa, hau ere beltza. Lagun egin dira eta euren laguntasunaren euskarri dira letrak, kateatzen diren letrak. Orain, banatu ezinak gara.

Azalaren eta izerdiaren antzera. Hego bakarreko tximeletarik ere ez dago.