Ilustratzaileen nazioarteko topaketa izango da bihartik aurrera Gasteizen

Ilustrazioaren Nazioarteko Topaketa Profesionalaren seigarren edizioa bihartik larunbatera egingo da Gasteizko Artium Museoan. Hamar herrialdetako ilustrazio arloko 37 profesional, argitaletxe eta agente elkartuko dira bertan. Txekiar Errepublika, Libano eta Estatu Batuetan sortutako zein herrialde horiekin lotutako hogeita hemezortzi proiekturen inguruko mahai-inguruak, topaketa profesionalak eta tailerrak izango dira, eta baita hitzordu profesionalak ere hiru herrialde horietako eta Brasil, Mexiko, Uruguai, Txile eta Italiako agenteekin. Gainera, aurrez aurrekoaz gain, onlineko bertsioa ere izango da plataforma digitalaren bidez.
Biharko eguna sektore paraleloen ingurukoa izango da. Liburuaren Munduko Hiriburutzaz mintzatuko dira Mexikoko argitaletxe eta hainbat eragilerekin. Ilustrazioaren, diseinuaren eta musikaren arteko harremana ere izango dute aztergai, Malagako Canela Party kasuaren bidez. Bestetik, zeramikaren eta zuraren mundura ere hurbilduko dira eta, azkenik, Mari Puri Herrero artista grabatzailearekin solasaldia egingo dute.
Hitzaldiak eta mahai-inguruak ere antolatu dituzte. Hainbat gai jorratuko dituzte mahai-inguruetan, hala nola haurrentzako liburuak edota arte-zuzendaritza bilduma-ilustratu, aldizkari eta proiektuetan. Hitzaldiak streaming bidez jarraitu ahal izango dira webgunean.
Horiez gain, hitzorduak eta elkarrizketa profesionalak izango dira eta baita tailer sorpresak ere. Izan ere, sekretupean mantendu dute tailer emaileak nor izango diren. Liburuak markatzeko zigiluak nola egin, grabaketako esperimentazio tetbrika birziklatuz tira formako ilustrazio animatua zootropo batean nola instalatu, eta papera tindatu eta maskarak fabrikatzeko pimentua nola sortu ikasiko dute parte-hartzaileek hiru tailerretan.
Bestalde, Irudika jaialdiaren barruan ilustrazio eta animazio lehiaketa ere bada. Sarituek egonaldi artistiko bana irabaziko dute Gasteizen, Bilbaoarten eta La Maison des Auteurs d’Angoulême-n, eta lehen aldiz baita Mexikoko Guadalajara eta Zapopán hirietan ere. Honen harira, mahai-ingurua egingo dute 2021ean ilustratzaile egoiliar izandako Bea Lozano eta Santiago Colomborekin, eta epaimahaiko bi ordezkarirekin. Ekitaldi horretan emango dira ezagutzera 2023ko Irudika Egonaldietarako hautatuen izenak.