Ilehori naturala

Ilehori naturala https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ilehori-naturala/@@download/image/emma_stone_1396532082.jpg
2014/04/07
erreportajea
Testua: Aitor Abaroa
"Gogor lan eginez gero, zure ametsak egia bihurtu ditzakezu". Esaldi hori gaztetatik ondo barneratu zuen Emma Stonek. Hamalau urte zituela, gurasoak etxeko egongelan batu eta Project Hollywood 2004 izeneko PowerPoint aurkezpena egin zien.

Bere ametsa zen hura, eta Los Angelesera joan ziren ama eta biak, etxean eskolak jaso eta zine zein telebistako kastingetan saiatzera.

Pantaila handian lehenengo aukera 2007ko komedia ganberroenetakoa izan zen Superbad filmean izan zuen; orain Oscar sarietara ohitzen hasia den Jonah Hillen begitako neska izan zen. Judd Apatow ekoizleari kasu egin eta pertsonaiari hobeto omen zetorkion kolore gorriz tindatu zuen neskak ilea. Hainbeste gustatu zitzaion, irudi berri horren inguruan ezaugarritu zuela bere lana. Eta egia esan, mesedegarri suertatu zitzaion; izan ere, Hollywooden ohikoak diren ilehori ederraren rolak ekidin eta, komedia erromantikoaren alorretik atera ez arren, izaera indartsuko paperak lortu zituen, Paper Man (2009), Easy A (2010) edota Crazy, Stupid, Love (2011) bezalako filmetan.

Irribarre xaloak komedian zabaldu dio bidea, baina begirada horrek drama eskatzen zuen oihuka. Orduan heldu zen The Help (2011), eta ‘urteko film’ bateko protagonista izanik, ekoizpen handien ateak ireki zitzaizkion. The Amazing Spider-Man (2012) eraberrituan Mary Jane Watson kaskagorria alde batera uztea erabaki zutenean baina, Stonen aukerak bertan behera geratu zirela zirudien. Baina Peter Parker berriaren, Andrew Garfielden, eta neskaren arteko kimika ikusita, Emma beste inor ezin izan zitekeen Gwen Stacy. Eta hala, hamalau urterekin Los Angelesera iritsi zen neskatxa ilehoria berreskuratu dugu. Hilabete honetan, armiarma gizonaren bigarren abenturan ikusi ahal izango dugu aretoetan.

Eta etorkizunean zer? Bada ikuslearen esku geratuko da erabakia. Ilehori nahi duenak Alejandro González-Iñárritu mexikarraren Birdman. Ilegorriaren zaleentzako, Woody Allenen Magic in the Moonlight.

Nortasun Agiria


Izena: Emily Jean Stone.
Jaioteguna: 1988-11-06.
Jaiolekua: Arizona (AEB).
Bikotea: Andrew Garfield aktorea.
Aktore gustukoena: Gilda Radner.­­
Film maiteena: City Lights (Charles Chaplin, 1931).
Maite du: Ace of Cakes telebista saioa.
Gorroto ditu: Takoidun zapatak.