Ilargitik ekarritako lurrean landareak haztea lortu dute

Ilargitik ekarritako lurrean landareak haztea lortu dute Zientzialariek Ilargitik ekarritako lurrean landareak haztea lortu dute. Sekulako zedarria gizakiaren historian. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ilargitik-ekarritako-lurrean-landareak-haztea-lortu-dute/@@download/image/suelos-plantas-PIXABAY-696x425.jpg
2022/05/24

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Zientzialariek Ilargitik ekarritako lurrean landareak haztea lortu dute. Sekulako zedarria gizakiaren historian.
Ilargitik ekarritako lurrean landareak haztea lortu dute

Communications Biology aldizkarian argitaratu berri den artikuluan frogatzen da landareak Ilargiko lurrean landatu eta hazi litezkeela. Floridako Unibertsitateak burututako ikerketak erakutsi du landareak modu arrakastatsuan hazten direla gure satelitearen lurrean, nahiz eta gure planetarako lurrarekin alderatuta erabat ezberdina izan lur mota hau. 

Lehen ikerketa hau aurrera pauso bat da, misio espazialetan, Ilargian elikadurarako landareak hazteko. Artikulu hau Artemisa Programak gizakia berriz ere Ilargira eraman nahi duen unean iritsi da. Horretarako, baliagarria da ikerlari talde honek batu duen informazioa.

Honela, torkizuneko espazio misioetan Ilargia erabili liteke elkargune bezala edo jaurtiketa gune bezala. Beraz, ezinbestekoa da bertako lurra landareak hazteko erabili ahal izatea. Zer gertatzen da, ordea, Lur planetako landare bat Ilargiko lurrean landatzean? 
Galdera honi erantzuteko ikertzaileek esperimentu sinple bat antolatu zuten: Ilargiko lurrean haziak lantzea, ura, elikagaiak eta argia gehitu eta emaitzak itxarotea. Konplexutasun bat bazuen ekintza honek, ordea. Izan ere, zientzialariek 12 gramo lur bakarrik zituzten esperimenturako. Ilargiko lur hau NASAk eman zien eta Apolo 11, 12 eta 17 misioetan batutakoa da.

Lur kopuru urria dela eta, zehaztasun osoz burutu behar izan zuten esperimentu, hasiera batean, erraza. Euren Ilargiko lorategi txikia hazteko titare baten neurriko putzuak erabili zituzten, zelulak laboratzeko erabili ohi den plastiko xaflaren gainean. Putzu bakoitzak lapiko baten moduan funtzionatzen zuen. Lorontzi bakoitza Ilargiko lurreko gramo batekin bete ondoren, hezetasuna gehitu zioten eta ondoren Arabidopsis landarearen haziak ezarri. Arabidopsis landarea ohikoa da zientzia esperimentuetan erabiltzea, bere kode genetikoa erabat mapatua izan baita.  

Ikerketaren aurretik ez zeuden ziur landatutako hazi guztiak erneko zirenik. Baina ia guztiak hozitu ziren. Harrituta geratu ziren. 
Alabaina, denborak aurrera egin ahala, ohartu ziren Ilargiko lurrean hazten ari ziren landare batzuk txikiagoak zirela, motelago hazten zirela edota neurri askotarikoak zituztela. Honek esan nahi du, landareek ahalegin bikoitza egin behar dutela gure sateliteko lurraren konposiziora eta egiturara egokitzeko. Dena den, hazten jarraitu dute eta hori itxaropentsua da oso.