Ikusleei gorroto dien lana aretoetara heldu da

Ikusleei gorroto dien lana aretoetara heldu da https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ikusleei-gorroto-dien-lana-aretoetara-heldu-da/@@download/image/2012119365publikoari_gorroto_1.jpg
2012/12/13
berria
Ikusleei gorroto dien lana aretoetara heldu da
"Aktore bat, bi ikusle eta agertoki bakarra. Besterik ez du behar antzerkiak: hortik hasten den jokoan dena da posible". Oinarrizkoa dirudi, sinplea, minimalista; baina Ander Lipusek sortu berri duen Huts Teatroak prestatutako lanak oso gutxi du soiltasunetik. 'Publikoari gorroto' hilabete hasieran aurkeztu zuten Luhuson, eta asteburu honetan Bizkaia aldean izango dituzte emanaldiak.

Xabien Mendiguren idazleak 1985ean sortutako gidoia aspalditik zuen gordeta Ander Lipusek. Obra ez da "metateatroa", baina aktorea eta taula zuzendaria, pertsona eta pertsonaia, norbera eta bere mamua agerian jartzen dituen lana da. Oihal gorri pare bat, besterik ez taula gainean, eta hiru aktoreren lana. Horixe da Publikoari gorroto.

Hain zuzen, teatroari buruzko hausnarketa jostaria egingo dute Miren Tirapuk, Ander Lipusek eta Iñaki Ziarrustak, teatroan dena baita posible. Publikoari keinuak eginez, umorez, pixkanaka, arimaren barrunbe ilunenak azaleratuko dituzte, krudelkeria, bortxa, botere-harremanak… ikusleen begien aurrera eramanez.

Huts Teatroa
Artedramaren magalean sortu da Huts Teatroa 2012an, Ander Lipusen eskutik. Lehen obra dute Publikoari Gorroto, izenburuaren gainetik, ikusleen gustukoa izateko helburuz sortua.

Lipusek bere estetika baliatzeko aukera izan du, aspalditik buruan zuen lana taula gainera eramateko beta. Eta emaitza Euskal Herriko aretoetan izango da ikusgai orain hasi eta datorren urte hasierara arte.

Egutegia


Azaroaren 9an – Zornotza
Azaroaren 10ean – Elorrion
Azaroaren 11n – Durangon
Azaroaren 14an – Bilbon (EHUn)
Azaroaren 16an
– Zumaian
Azaroaren 17 eta 18an – Donostian
Azaroaren 23an – Bergaran
Azaroaren 25ean – Iruritan
Abenduaren 7an – Donibane Garazin
Abenduaren 13an – Bilbon
Abenduaren 15ean – Berriz

2013ko egutegia ikusteko, sartu hemen.