Ikus: Etorkizunaren iragarle

Ikus: Etorkizunaren iragarle https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ikus-etorkizunaren-iragarle/@@download/image/36p23-1.jpg
2003/12/05
erreportajea
Asier Mendizabal
"Nere buruan" da Lapurdi eta Nafarroa Behereko bost lagunek osatutako Ikus taldearen estreinako lana. Teknika aurrerakoiena erabili du boskoteak pop metalaren (nu metal) soinuez betetako disko hau egiteko.

Nafarroa Behereakoak eta Lapurdikoak dira Ikus taldeko bost kideak. Duela hiru urte sortu zen taldea, eta orduz geroztik, 40 kontzertu eskaini dituzte. Single bat kaleratu zuten 2001. urtean, eta  "Nere buruan" diskoarekin datozkigu oraingoan. Guztira 12 kantu eta bideoklip bat bildu dituzte. 

Kantuak grabatzeko oso teknika berezia eta aitzindaria erabili dute. Izan ere, bateria, baxua, gitarrak eta abar anplifikagailuen bidez grabatu ordez, zuzenean ordenadorearen bidez egin dute. "Pluging" teknika erabili dute horretarako, hau da, musika egiteko programa bereziak, eta programa horiek eskaini ohi duten anplifikadore birtuala. Renè Guèraçague teknikaria izan da produkzioaren eta programazioaren arduraduna. Taldekoak soinu berezi baten bila ari ziren, eta Renè-k lagundu die horretan, teknika hori ezagun zuen eta.

Grabazioa Donibane Garaziko gaztetxean zein Renè-k, horretarako prestatua duen kamioian, eta urtebeteko lan emaitza da diskoa.

Zuzeneko harrigarriak
Esan bezala, diskoak bideoklip bat ere eskaintzen du, eta arlo horretan ere berritzaileak ditugu Ikus-ekoak: fraktalak erabili baitituzte, hau da, matematika ariketen bidez lortutako irudiak. Bordeleko Franck Nabet-ek egin ditu irudiok.

Eszenatokietan ere, atzerrian, zuzenekoetan erabiltzen hasia den teknika ekarri dute gurera: zuzenekoetan ez dute anplifikadorerik erabiltzen. Eszenatokietan taldekideak beraien tresnekin agertzen dira soilik. Nola demontre moldatzen dira? Soinua ordenadore batetik pasatzen da eta horrek egiten ditu anplikadore lanak. Gainera, jotzen duten bitartean, bideoklipeko irudiak botatzen dituzte, tamaina handian, efektu harrigarria lortuz.

Talde gaztea da, baina euskal musika gaurkotzeaz gain, bidea urratzeko asmotan dator.