Ikerlari Gazteen Saria sortu du Gerediaga Elkarteak

Ikerlari Gazteen Saria sortu du Gerediaga Elkarteak Durangaldearekin lotura duten ikerketa, sormen edo dibulgazio lanak bidal daitezke apirilaren 6ra bitartean. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ikerlari-gazteen-saria-sortu-du-gerediaga-elkarteak/@@download/image/IkerlariDeialdi_ArgazkiaH.jpg
2022/02/04

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Durangaldearekin lotura duten ikerketa, sormen edo dibulgazio lanak bidal daitezke apirilaren 6ra bitartean.
Ikerlari Gazteen Saria sortu du Gerediaga Elkarteak

Gerediaga Elkarteak Ikerlari Gazteen Saria eratu du, Durango Merinaldeko Amankomunazgoaren laguntzarekin. Sariketaren helburua Durangaldeko ondarea, historia, kultura eta gizartearen zaintza, ikerketa eta zabalpenarekiko zaletasuna eskualdeko gazteen artean bultzatzea da. Horretarako, euskarazko ikerketa, sormen eta dibulgazio lanak sustatu eta ezagutzera emango dituzte. 

Durangaldean edo Durangaldeko edozein udalerritan kokatuta, edozein jakintza-arlotako ikerketa, sormen edo dibulgazio lana izan daiteke: historia, gizartea, kultura, hizkuntza, ekonomia, ondarea, lurraldea, turismoa, musika... Beti ere, euskarazkoa eta jatorrizkoa izan beharko du lanak, eta lau formatutan aurkeztu ahalko da: artikulua, posterra, ikus-entzunezkoa edo podcasta. 

Bakarka edo taldean aurkeztu daiteke sariketara, baina gutxienez kide bat Durangaldeko bizilaguna izan beharko da edo Durangaldean ikasten duena. 16 eta 30 urte artekoek har dezakete parte hiru kategoriatan banatuta, eta kategoria bakoitzeko irabazleak 500 euro  eskuratuko ditu.

Proposamenak gerediaga@gerediaga.eus helbidera bidali behar dira eta apirilaren 6ko gauerdian amaituko da horretarako epea. Apirilaren 20an izango den Ikerlari Gazteen Topaketan aurkeztuko dira lan irabazleak. 

Oinarriak hemen daude kontsultagai. Zalantzarik izanez gero, aurrez aipatutako email helbidera idazteko jakinarazi dute antolatzaileek.