Iker Murillo: "Kutxa Kultur Class bezalako ekimenak ezinbestekoak dira kultura bizirik mantentzeko"

Iker Murillo: "Kutxa Kultur Class bezalako ekimenak ezinbestekoak dira kultura bizirik mantentzeko" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/iker-murillo-kutxa-kultur-class-bezalako-ekimenak-ezinbestekoak-dira-kultura-bizirik-mantentzeko/@@download/image/letamina_ikermu_1413370579.jpg
2014/10/15
elkarrizketa
Saioa Baleztena @SaioB
Iker Murillo: "Kutxa Kultur Class bezalako ekimenak ezinbestekoak dira kultura bizirik mantentzeko"
Gazte sortzaileen lanaren berri emateko eta ezagutza partekatzeo asmoz abian da Kutxa Kultur Class ekimena. Guztira 150 ikastarobaino gehiago antolatu dituzte eta artea, diseinua, moda eta musika izango dira, besteak beste, jorratuko diren gaietako batzuk. Gu musika ikastaroen antolakuntzaz arduratu den Letamina elkarteko Iker Murillo (Arrasate, 1991) komunikazio arduradunarekin izan gara.


Noiz eta nola suertatu zitzaizuen Kutxa Kultur Class egitasmoan parte hartzeko aukera?
Kutxako lagunak egitasmoa antolatzen ari zirenean hurbildu ziren guregana, gure eskaintza ezagutzen zuten eta eurek proposatzen dituzten gazte ekimenetik oso gertu dagoelako Letamina. Musikarekin eta ikus-entzunezkoekin zerikusia duten gaiak maite ditugu eta uste dugu Kutxa lagun paregabea zaigula ikastaroak aurrera eramateko.

Zenbaterainoko garrantzia izan du zuentzat Kutxa Kultur Class egitasmoak zuei eman izatea musika ikastaroak antolatzeko aukera?
Ezinbestekoa izan da guretzat azken hilabete hauetan ikastaro ugari antolatzeko aukera eman baitigu. Letaminaren eskaintza azken asteotan hirukoiztu egin da eta horregatik, Kutxa eskaini digun aukera oso garrantzitsua izan da.

Proiekzio aldetik ere irabazi izango duzue...
Bai, orain arte gure lan gehiena Bizkaian jorratu dugu eta Kutxa Kultur Class egitasmoaren bitartez mugak zabaltzeko aukera izan dugu.

Zein da egitasmo berri hau aurrera eramateko jarraitu duzuen lan dinamika?
Garrantzitsuena proiektuaren elementu guztiak elkarlanean jartzea izan da. Izan ere ezinbestekoa deritzogu irakasle, ikasle, musikari eta antolakuntzaren artean komunikazio egokia egotea. Horrela konpontzen dira arazo guztiak eta ikasleari proiekturik hoberenak aurkeztu ahal izateko, funtsezkoa da irakasleen artean lankidetza piztea.

Aurten erronka berria duzue, baina, noiz eta nola jaio zen Letamina?

Duela hiru urte sortu zen, formakuntza eta musika elkarlanean jartzeko asmoz. Gure ikastaroak ez dira ohikoak. Izan ere, eskaintzen ditugun saioak gehienetan ez daude beste inon. Guk ez ditugu gitarra saioak eskaintzen baina bai bateria grabaketa, bideoklipak eta prentsa musikalari deritzotenak, adibidez.

Zebatek osatzen duzue elkartea?
Musikari eta irakasleen artean 40 kide gara, gutxi-gora-behera.

Bertze bereizgarritasun bat ere baduzue. Zuen ikastaroak ibiltariak dira...

Hala da eta gure kanpamendu nagusia aldatuz doa astez aste, ikastaroa antolatzen dugun tokiaren arabera. Ikasleen beharrei moldatzen eta behar gaituzten tokietara mugitzen saiatzen gara. Ez dugu espazio fisikorik eta horrek ikastaroak aldakorrak izatea eragiten du, oinarrizko kontzeptu finko batzuen gainean.

Zein izaten da zuen ikasleen profila?
Egia esan aniztasuna nagusi da. Ezagutzak handitu nahi duten profesionalak ditugu baina, baita zerotik hasten direnak ere. Adinean ere aniztasuna dago eta geroz eta gazte gehiago ari dira guregana gerturatzen.

Gatozen berriz Kutxa Kultur Class egitasmora. Musika ikastaroetan izena emateko zalantzan dagoen gazteari zer esango zenioke?

Letamina.com webgunean aurkituko duela gure ikastaro guztiei buruzko informazioa eta zalantzaren bat izanez gero, info@letamina.com helbidera idatziz edo 633.727.015 telefono zenbakira deituz argituko diogu gustu handiz.

Asmoa duzue Kutxa Kultur Class egitasmoak antolatzen dituen datozen edizioetan ere, musika ikastaroen antolakuntza egiteko?
Noski! Oso gustura gaude Kutxaren proiektuarekin eta Letaminatik uste dugu Kutxa Kultur Class bezalako ekimenak ezinbestekoak direla kultura bizirik mantentzeko.

Eta amaitzeko, etorkizunerako zein da Letaminaren erronka nagusia?
Gure desioa da proiektuak aurrera jarraitzea eta etorkizunean Letamina adin guztietako musikarientzat erreferente bilakatzea.

Letaminaren Ikastaroak Kutxa Kultur Class egitasmoan:



1. ‘Autopromozioa interneten’
2. ‘Bateria grabaketa’
3. ‘Bideoklipa eta formatu berriak’
4. ‘Ukelele ikastaroa’
5. ‘Dj-aren mundua’
6. ‘Nola grabatu zure abestiak?’
7. ‘Autoekoizpena mundu digitalean’
8. ‘Soinu teknikaria izateko sarrera’
9. ‘Traktor’
10. ‘Musika ulertzeko ikastaroa’
11. ‘Masterizatzen ikasteko tailerra’

Oharra


Kutxa Kultur Class programan izena emateko epea urriaren 22ra bitarte dago zabalik.
Info guztia: hemen.