Iker Fernandez: "Skater-ek guk baino teknika hobea dute"

Iker Fernandez: "Skater-ek guk baino teknika hobea dute" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/iker-fernandez-quotskaterek-guk-baino-teknika-hobea-dutequot/@@download/image/66p51-1_1365171805.jpg
2006/09/01
elkarrizketa
Unai Brea
Iker Fernandez: "Skater-ek guk baino teknika hobea dute"
Udako sargorian, neguko hotzaz gogoratzea erabaki genuen, eta hala, Iker Fernandez snowboarderrarekin elkartu ginen. Egia esan, uda ez da garai ona snowboarderako, baina badago non aritu (nahi eta ahal izanez gero, noski). Frantziar Alpeetatik ailegatu berritan harrapatu genuen 28 urteko donostiar hau. Uda beroan, elurretara etortzeko prest?

Ez dago snowboarder askorik, ez behintzat, zuk bezala, kirol hori lanbide bihurtu duenik…
Gure herrian ez; baina gero eta snowboarder profesional gehiago dago munduan.

Hogei urterekin erabaki zenuen profesional izatea. Ikasketak utzi behar izan zenituen?

Hamazazpi urte neuzkala utzi nion ikasteari. Lanbide Heziketan nenbilen, informatikan, eta halako batean, ingelesa ikasten hasi nintzen. Ordurako bidaia asko egiten hasita nengoen, snowboardean jardun ahal izateko.

Zer esan zizuten etxean?

Hasieran ez zebiltzan oso pozik. Garai hartan ez nintzen profesionala, baina snowboarda besterik ez neukan gogoan. Azkenean, profesional bihurtzerakoan, nahiko zalaparta izan zen etxean; gurasoek ez zeukaten oso garbi honetaz bizi zitekeenik, baina denborarekin ohitu egin ziren.

Zelan lortzen da profesionala izatea?

Nik asko zor diet nire hiru anaia nagusiei. Oso gazte hasi nintzen honetan, hamaika urterekin, eta ordurako, anaiak snowboardean zebiltzanez, Alpeetara joateko aukera izan nuen. Oso azkar hasi nintzen lehiatzen, estatu mailan lehenengo, eta gero, ondo nenbilela ikusita, Europan. Emaitzak lortu ahala babesleak iritsi ziren, bidaietarako dirua ematen hasi zitzaizkidan, Munduko Kopako probetan parte hartzen hasi nintzen…

Lehiaketetara joateko mundu osoan ibiltzen zara. Hegazkin asko, eta nahi baino Donostia gutxiago beharbada…

Neguan bolada luzeak egiten ditut etxetik kanpo. Eta herri-mina izaten dut noizbait, jakina. Denbora luzea ematen dut hara-hona, eta eskertu egiten dut denboraldia amaitutakoan etxera itzultzea. Nekatu egiten naiz, hainbeste aireportu, hainbeste itxaronaldi…  Baina ez naiz kexu.

Kirol askotan, 30 urte inguru daukanari zaharra dela aditzera ematen zaio. Zuk badituzu 28, baina ez dakit snowboardean ere hala gertatzen den…

Bai, ni hasia naiz nagusietakoa izaten. Baina tira, urtez urte erabakitzen dut zer egin. Sasoia dudan bitartean, aurrera, eta oraingoz ongi nago. Hala ere, nik free style izeneko snowboard modalitatea egiten dut, eta modalitate honetan jauziak egiten ditugu batez ere, eta zaharrenetakoa naiz.

Baina zein da kontua: nekagarria dela, arriskutsua…?

Bigarrena, batez ere. Erorketa asko egoten da, lesio asko….

Skater batek esan zigun, urteak aurrera joan ahala, gero eta beldur handiagoa ziola kolpe latz bat hartzeari…

Hori ere badago gurean. Oso nabaria da, adin batekoen barruan, nork izan duen lesio larri bat eta nork ez… lesio batzuek zama psikologikoa uzten dute. Eta ez zabiltza lehen bezain ausart.

Zuk izan al duzu lesio larririk?

Ezin dut kexatu. Ukondoa dislokatu zait, belauna gaizki eduki nuen sasoi batean, orkatila ere bai… Baina beste batzuk okerrago egon dira, urte erdiz jardun ezinik. Edo ornoren batean kolpea hartuta, esaterako. Mendiak baditu bere arriskuak, eta noizean behin ezbehar larriren bat izaten da.

Zure aisialdian zer nahiago duzu, erabateko atsedena hartu, ala kirolean aritu?

Skatean aritzen naiz, edo surfean. Inoiz etxean geratzen naiz, baina kirol horiek ere erakartzen naute.

Teknika aldetik oso bestelakoak dira?

Ez dira berdinak, baina argi dago antzeko gauzak dituztela. Snowboard munduko trikimailu asko skatetik datoz. Hara, skatea zaila da, eta trikimailu asko ditu; nik begirune handia diet skaterrei, teknika handiko kirola iruditzen zait, snowboarda baino askoz teknika handiagokoa bai, behintzat. Egia da snowboardean jauzi handiagoak egiten direla, baina skaterrek oso gauza zailak egiten dituzte.

Curriculum ezin hobea


Iker Fernandez, Donostia, 1977. Txikitan hasi zen skate, surf eta enparauak egiten. Gurasoek eskiatzea maite zuten, eta familiak etxea eta guzti zeukan Jakan (Aragoin). Azkenean, anaia nagusiek bultzatu zuten Iker snowboardera. Gaur egun Euskal Herriko snowboarderrik garrantzitsuena da, baita Espainiako estatukoa ere, seguru asko. “Espainiako txapeldun izan naiz hiruzpalau aldiz, eta munduko bosgarren ere bai”, diosku.

Garai batean Munduko Kopako liderra ere izan zen, eta Munduko Kopako probetan, zortzi aldiz igo da podiumera. Hiru Joko Olinpikotan aritu da, aurten Torinon (Italia) egindakoak barne. Udan snowboard ikastaroak ematen ditu anaiekin batera sortutako eskolan: Dalton snowboard camps, Frantziar Alpeetako Tignes estazioan. Informazio gehiago eskuratzeko, jo www.daltonsnowboard webgunera.