Iker eta Eneko Pou: “Mendizaleak showmana izan behar duela ematen du”

Iker eta Eneko Pou: “Mendizaleak showmana izan behar duela ematen du” https://www.gaztezulo.eus/albisteak/iker-eta-eneko-pou-mendizaleak-showmana-izan-behar-duela-ematen-du/@@download/image/68p32-3_1365162877.jpg
2006/11/03
elkarrizketa
Orkatz goenaga
Eneko eta Iker Pou anaiak. Gasteiztarrak. Mendi-kirolen hainbat aldaeratan aritu dira: kirol eskalada, mendi-eskia, blokea, hormatzarrak, zortzi milakoak... Orain, proiektu erakargarri batean murgildurik dabiltza: "Zazpi pareta, zazpi  kontinente".                                       

"Zazpi pareta. zazpi kontinente" ez da ohiko proiektua. Zergatik hain proiektu luze eta bitxia?
Gehienbat, bi anaiok elkarrekin egiteko moduko proiektu bat sortu nahi genuelako; bion gaitasunak batuko zituen proiektu bat, alegia. Gainera, bi parametro uztartu nahi genituen: bidaiatzea, eta eskalatzeko eta mendiarekiko grina.

Nola bururatu zitzaizuen proiektua? Irudimenana eta sormena behar dira horrelako zerbait egiteko…

Proiektuak pentsatzeko garaian, irudimena behintzat ez zaigu inoiz falta izan. Proiektu hau guztiz berria da, nazioartean ez du inork egin. Bete-betean asmatu genuen.

Zein irizpide jarraitzen duzue, kontinente bakoitzean pareta bana aukeratzeko?

Hiru parametro ditugu, pareta edo mendia aukeratzerako garaian. Lehenik, kontinente bakoitzean, aukeratutako paretak edo mendiak duen garrantzia kontuan hartzen dugu. Paretaren zailtasuna da bigarren parametroa; era askean eskalatzeko zailak diren paretak aukeratzen ditugu. Hirugarrenik, gure gustuko paretak aukeratzen ditugu.

Oso urrun joaten zarete; Madagaskarren, adibidez, nola hartu zaituztete? Erotzat hartu al zaituztete?

Herri txiroetara joaten zarenean, diru aldetik eskas samar ibili arren, aberatsa zara. Han, bere bizitza egina duen lehen munduko pertsona bat zara; etxea, autoa eta abar dituena. Horrexegatik, horrelako pertsona bat hara eskalatzera joan dela jakiterakoan, bertakoak harritu egiten dira. Hala ere, adeitasunez hartzen gaituzte.

Hain proiektu handia aukeratu ostean, lana dator: bidaia prestatu, materiala lortu... astirik geratzen al da prestaketetan gozatzeko?

Prestakuntza beti da lan neketsua. Lehen bidaia bada, edo urtean behin bidaia bakarra prestatzen baduzu, agian gehiago goza dezakezu prestaketekin. Baina urtean laupabost bidaia prestatu behar dituzunean, lan eskerga da, eta azken bi-hiru asteak oso estresagarriak dira. Zaila da lan horrekin gozatzea. Hegazkinean sartu, eta mendira eskalatzera goazela pentsatzen hasterakoan, orduan hasten gara gu gozatzen.

Profesionalak zarete, nola egin duzue zaletasunetik ogibiderako bidaia hau?

Guk beti esan ohi dugu gauza bera: kirol honen bi aldeak mantentzen ditugula. Batetik, ia profesionalak gara, baina mantentzen dugu mendiarekiko zaletasuna. Hori oso garrantzitsua da. Mendia oso gogorra da, eta ez baduzu zaletasunez egiten, lan bilakatzen da; jasateko gogorregia den lan. Mendia zure zaletasuna dela, hori oso argi izan behar duzu beti.

Igo behar izan duzuen paretarik gogorrena, nolakoa zen, harrizkoa edo trajeduna?

Gehienetan, trajea izaten du pareta gogorrenak. Dirua bilatzea latza da. Kirolari profesional gehienek ez dute dirua bilatzera joan beharrik. Mendiaren munduan, aldiz, oso polibalentea izan behar duzu: mendizaleak saltzaile ona izan behar du; askotan, badirudi showmana izan behar duzula; hizlari ona izan behar duzula; idazlea ere izan behar duzula, artikuluak idazteko; pertsona garrantzitsuen aurrean egoten jakin behar da, haiekin hitz egiten... gainera, jakin behar duzu noiz entrenatu behar duzun, eta abar.

Noizbait pentsatu al duzue, dena pikutara bidali eta beste zerbaitetan hastea?

Behin baino gehiagotan; batez ere, ikusten duzunean proiektu polita duzula esku artean, eta gogoa duzula egiteko, baina ez zaizula dirua iristen; ez zaituztetela ulertzen. Une horiek latzak dira. Garai horiek lan gisa hartzen ditugu: argi daukagu hori lana dela, eta egin beharrekoa dela, mendiaz gozatu eta bizi ahal izateko.

Harkaitzean zintzilik, lurretik 500 metrora, loak hartzeko garaian… behera begiratu, eta zein pentsamendu etortzen da burura?

Gizartean bada mito bat: eskalatzaileak ez duela beldurrik. Guk, beste guztiek bezala, beldurra ikaragarria dugu. Hala ere, pixkanaka hasten gara igotzen, eta ondorioz, altueraren beldur hori ez da hain bortitza izaten. Zuzenean altuera horietan jarriko bagintuzte, beldur latza pasatuko genuke. Gainera, ohituago gaude altueratan ibiltzera, eta behera begiratu eta altuera handia badago, igotzeko gutxiago falta dela pentsatzen dugu.

"Poutarrak burutik gaudek
". Noizbait esan al diozue horrelako zerbait elkarri?

Noizean behin, egoera txar eta arriskutsuetan, bai pentsatzen duzu: "Zer demontre ari gara hemen?". Une horietan, etxeko oroitzapenak datozkizu, biok batera bizi izan ditugun garai gozoak... pentsamendu horiek burutik kendu, eta egoerari irtenbidea bilatzen saiatu behar duzu.

Gurasoek ez al dizuete inoiz esan hobe zenutela futbolean aberastea, haiek beti zuengatik estu eta larri eduki beharrean?

Bai, oso zabaldua da esaldi hori, eta mendizaleoi askotan esan ohi digute. Gure gurasoak mendizaleak dira, eta harro daude egiten dugunaz. Hala ere, mendizaleak direnez, badute kirol honen zailtasunen eta arriskuen berri, eta horrexegatik, okerrago pasatzen dute. Komunikabideetan entzuten dutenean, ez dakit zeinek ez dakit zein mendi igo duela, "ea nola jaisten den" esaten dute, eta sekula ez dute esaten, "zein ongi, igo dute" edo antzeko zerbait.

Mendiak eta bertako kirolek arriskutsu izatearen ospea dute. Istripu larriak ere izaten dira maiz. Zein da arrazoia?

Guk beti diogu, gerta daitezkeenak baino askoz istripu gutxiago gertatzen direla; izan ere, oro har, oso gaizki ibiltzen gara mendian. Sekulako astakeriak ikusten ditugu; oso gaizki egindako gauzak. Eta denok egiten ditugu, gainera. Jendeak ez du segurtasun neurrien berri, eta sekulakoak eta bi egiten dira oso ingurune arriskutsuetan. Hala ere, zorte handia izaten dugu, eta ez dira gertatzen gerta daitezkeen guztiak. Bestalde, badaude arrisku objetiboak: mendia ingurune arriskutsua da, eta istripuak gerta daitezke mendiaren izaerak berak eraginda. Dena den, mendizaleok erraztasun ugari jarri ohi ditugu istripu horiek gertatzeko.

Euskal Herrian mendizale ospetsu eta arrakastatsu asko dago. Eredu horrek astakeriak egitera bultzatzen ote du jendea?

Jendeak ulertu behar du, kirol honetan profesional gisa gabiltzanok, ez dugula gure buruaz beste egin nahi: egiten duguna, esperientzia handia dugulako egiten dugu, eta lan handia egin dugulako. Pausoz pauso joan gara ikasten, eta pixkanaka egindako bide bat izan da gurea. Jendeak ulertu behar du, ezagupen maila batera iritsi arte, ezin dela edozer gauza egin.

Zein gomendio emango zeniokete hasiberria den bati?

Gomendio nagusia ondokoa da: mendian gozatu egin behar dela. Era berean, mendian gozatzeko, ezagupen maila handia lortu behar da, eta eskalada mailan, are gehiago. Pixkanaka, has daitezela egin nahi dutena egiten. Azken aldian, ahaztu zaigun zerbait da, kirol hau ez dela lehiakorra. Bakoitzak bere mugak ezagutu behar ditu, eta muga horiek lanarekin gainditzen joan behar da, baina besteen mugak helburutzat hartu gabe, eta besteak gainditu nahian hasi gabe.

Eskalatzeko, zeintzuk dira behar-beharrezko neurriak?

Soka eta mosketoiak ezinbestekoak dira. Baina, era berean, ezinbestekoa da horiek guztiak erabiltzen jakitea. Horretarako, ikasten hasteko, Euskal Herriko Mendi Federazioak antolatutako ikastaroak daude. Edozer gauza igo aurretik, ikastaro horiek egitea ezinbestekoak pausoa da.

Zein da zuen hurrengo proiektua?  

Orain, Mexikora joango gara hitzaldi bat ematera. Ondoren, Mexikon denboralditxo bat igaroko dugu, hura ezagutzen eta eskalatzen. Bidaiatxo horren ostean, "Zazpi pareta, zazpi kontinente" proiektuan murgilduko gara berriro, eta Patagoniara joango gara, seigarren pareta saiatzeko —eta, ahal bada, igotzeko—. Urtarrila eta otsaila Patagonian igaro nahi ditugu, buru belarri, Fritz Roy igotzeko ahaleginean. Ilusio handia emango liguke Fritz Roy igotzeak; izan ere, aurreko saiakeran tontorretik 40 metrora geratu ginen.

Fritz Roy igotzeko aurreko saioan, abenturatxoren bat ere izan zenuten, ezta?

Bost saiakera egin genituen, eta  saiakera bakoitzean, abenturatxoren bat izan genuen, liburu bat idazteko modukoa. Erreskate bat ere egin behar izan genuen: mendian gertatu ohi diren istoriotxo horietako bat.

Soka motzean



Iker Pou

Irakurgaia: “El siciliano” da irakurri dudan azkena; oso ona da.
Bidaia-laguna: Anaia.
Bidaiatzeko tokia: Costa Rica edo antzeko toki exotikoren bat, betikotik ahazteko pixka bat.
Parrandarako tokia: Gasteiz.Mendi bat: Aizkorri.
Lagunartean egoteko tokia: Taberna.
Lan egiteko tokia: Kanpoan dagoen zerbait, bulego edo toki itxirik ez dut nahi.

Eneko Pou

Irakurgaia:
eleberriak, “El nombre de la rosa”, esaterako.
Bidaia-laguna: Anaia, ezbairik gabe.
Bidaiatzeko tokia: Kanada, negu partean; eskiatzeko.
Parrandarako tokia: Euskal Herriko edozein herri edo hiri.
Mendi bat: Gorbeia.
Lagunartean egoteko tokia: Oroko santutegia eskalatzen. Lan egiteko tokia: Mendia.