Iker Barandiaran: "RIP-en hitzek gaurkotasun handia dute"

Iker Barandiaran: "RIP-en hitzek gaurkotasun handia dute" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/iker-barandiaran-quotripen-hitzek-gaurkotasun-handia-dutequot/@@download/image/58p34-2.jpg
2005/12/02
elkarrizketa
Iker Barandiaran: "RIP-en hitzek gaurkotasun handia dute"
Rip punk taldea euskal musikak inoiz emandako talde indartsuenetakoa izan da. Talde gutxik izan dute arrasatearren indarra, eta indar hori islatzen du Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak kaleratu berri duen DVD/CD bikoitzak. Taldeari buruzko dokumentala, kontzertuetako irudiak, argitaratugabeko abestiak… ustekabez betetako lana da. Iker Barandiaranekin, dokumentalaren egileetako batekin, solastu gara     

Zer dela eta, bururatu zitzaizuen RIP taldeari buruzko DVD/CD hau egitea?
2003an, RIPeko abeslari Karlos "Mahoma" hil eta denbora gutxira, Iban Toledo errealizadoreak eta biok erabaki genuen Goiena Telebistarako RIPen gaineko dokumental bat egitea. RIPeko Jul eta Txerrari, taldekoen lagunei, sasoiko musikariei, kazetariei… elkarrizketak egiten hasi ginen, eta bide batez materiala batzen (bideoak, audioa, argazkiak…). Berehala konturatu ginen zerbait osatuagoa egin zitekeela. Gure enpresak, Goienak, eta Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak tratua egin zuten. RIPeko kideek eta falta direnen senideek ere ondo hartu zuten DVDa egiteko asmoa.

Zure ustez, zein da RIPek bere garaiko jendearen artean utzitako oroitzapen nagusia?

Ia 30 bat lagun elkarrizketatu ditugu. Horietatik hainbat Arrasate ingurukoak dira, baina badira Irun, Donostia, Bilbo, Gasteiz, Ezkerraldea, Iruñea eta beste leku batzuetakoak ere, eta guztiek oso ondo hitz egin digute RIPen gainean. Musikaren eta hitzen gainean egindako laudorioez gain, RIPekoak pertsona bezala oso maitatuak izan dira. RIPen hitzekin jendea asko identifikatzen da, eta hitzek gaurkotasun handia dute oraindik. Horrez gain, punkaren aitzindari izan ziren, eta musika zuzena eta azkarra egiten zuten, askoren gustukoena dena. RIPekoek gauza bakarra nahi zuten: idatzitako hitzak abestu eta kontzertuak egitea. Ez zioten jaramonik egiten ospetsu egiteari, dirua irabazteari, ez beste ezerri. 80ko hamarkadako taldeen espiritu bera zuten. Agian oso disko gutxi kaleratu zituztelako, eta onena utzi zigutelako, izen handiagoa hartu zuten.

Nola egin duzue DVD/CD honetan aurki daitekeen materiala biltzeko?

Lehenik eta behin, Julek eta Txerrak, eta baita Porturen anaia Nabok ere, hainbat gauza utzi zizkiguten. Horrez gain, poliki-poliki garai hartako protagonistekin elkarrizketak egin ahala, galdezka ibili gara, eta kasu batzutan, gauza gehiago lortu ditugu. Aurretik bagenituen bideo irudi batzuk, baina haritik tiraka, irudi horiek grabatu zituztenengana heldu gara, eta grabazio originalak utzi dizkigute.

Julek eta Txerrak, RIP-eko taldekideek, nola hartu dute proiektua? Hainbeste lagunminen heriotzarekin, ez al zenuen beldurrik ezezkoa esango ote zuten?

Goiena Telebistarako dokumentala egitea erabaki genuenean, beraiengana jo genuen, eta ondo hartu zuten. DVDa egitea erabaki genuenean, harritu egin ziren. Inoiz ez diote taldeari garrantziarik eman, eta ez zuten espero. Bestalde, diskoetxeen gaineko mesfidantza dute, orain arte beraiekin garbi jokatu duten bakarrak Esan Ozenki diskoetxekoak izan direlako. Gurekin eta Gaztelupeko Hotsakekin berba egin ostean, konforme gelditu ziren. Are gehiago, proiektua aurrera joan den heinean, gehiago ilusionatu dira. Lagunminen heriotzen gainean, badakite guk ez genuela morboarekin edo bestelakoekin jokatuko, eta konfidantza osoa izan dute. Karlosen eta Porturen senideek ere ondo hartu zuten.

Zein beste talderekin egingo zenuke hau bezalako beste lan bat? Cicatrizekin, esaterako?

RIP, Cicatriz eta Eskorbuto izan ziren sasoi horretako talde berezienak, muturrekoenak. Bi horiekin egin zitekeen halako zerbait, baina ez zen gauza bera izango, besteak beste, ia protagonista guztiak hilda daudelako.

Arrasate eta inguru horretan, RIP ezagutu ez zuten belaunaldi gazteek nola hartu dute lan hau?

Oraindik goiz da esateko, baina lanak Arrasaten eta inguruan jakinmin handia piztu du. Hemen, behintzat, DVDa oso ondo saltzen dabil, eta jendea gustura gelditu da. RIP hemen jende ugarirentzako erreferentea da, nagusientzako eta gaztetxoentzako, eta jendeak hala hartu du DVDa. RIP ezagutu ez zutenek jakinmin handia dute, lan honek interes hori ase dezakeelako; eta nagusiagoek, berriz, ezagutu eta bizi izandakoa gogora ekartzeak hunkitzen dituelako.

Zer zuen RIP taldeak oro har, jende guztiarengan horren arrasto sakona uzteko?

Kriston hitzak zituzten: ordura arte, hemen beste inor ez zen gauzak horrela esaten ausartzen. Horrez gain, musika gogorra eta azkarra egiten zuten, punkaren aitzindari izan ziren, eta oso konpenetratuta zeuden taula gainean, eta beraiek ez onartu arren, musikari onak ziren, kontzertu bikainak ematen zituzten. Eta agerian gelditzen zen eurena ez zela itxura, horrelakoak zirela. Horrez guztiaz gain, inporta zitzaien bakarra jotzea zen, eta ondo pasatzea. Hori ere transmititzen zuten.