Ikasturte berri honek eragingo duen inpaktu psikologikoa

Pixkanaka, haurrak eta nerabeak beren ikasgelak okupatuko dituzte hilabete honetan, baina aurtengoa ez da ohiko ikasturtea izango. Urtea ere ez da ohikoa izan, eta dagoeneko karga psikologiko handiarekin itzuliko dira ikasleak eskola eta unibertsitatera. Etxean igaro dituzten hilabeteak, maskarekin igarotako besarkadarik gabeko uda eta pandemiaren 2. olatuan bete-betean murgildurik ikasturte berriari ekitea ez da doakoa izango gazteen osasun mentalerako.
Psikologoek ohartarazi dutenez, pandemiaren efektu psikologikoak hilabetetan eta urtetan luzatuko dira, pandemia bera amaitu bada ere. The Lancet osasun aldizkariak argitaratutako ikerketak azaltzen duenez, estresa, depresioa, trauma ondorengo estresa, lo egiteko arazoak eta antsietate kasuak laukoiztu egin dira pandemia hasi zenetik. Horrekin batera, hainbat kolektibo bereziki jasan ditzakete pandemiaren gizarte estigmak (jatorri asiarra duten ikasleak, osasun langileen seme-alabak, positiboren bat gertu izan dutenak...).
Pandemiaren ondorio psikologikoak ez dira denontzat berdinak izango ikerketak zehazten duenez; txikienen kasuan, adinean berezkoak diren beldurrak indartsuagoak izan daitezke, batez ere gaixotzeko edo maite dituztenak kutsatzeko beldurra edo heriotzari beldurra. Lagunekin normaltasunez jolasteko ezintasunak, maskara eramateak eta distantziak mantentzeak ere beren harreman gaitasunetan eragina izan dezake. Hain zuzen, eskola ez da jolas eta dibertimendu leku segurua izango, arauez betetako eremua baizik.
Ikasle helduagoentzat ere, ikasturte berria ez da erraza izango; klasean galderak egitea zaila izan daiteke maskarekin, eta irakasleak berak ere zailtasunak izan ditzake ikasleen arreta mantentzeko. Taldean lan egitea ez da erraza izango, ezta apunteak elkarbanatzea edota solasaldiak antolatzea.
Guztiarekin, psikologoek ondorioztatu dute hobe dela klase presentzialak egitea online jarraitzea baino, batez, ere egoera zaurgarrian daudenei aukera berdintasuna eskaintzeko.