Ikasgelatik gizartera ezagutzan sakonduz

Ikasgelatik gizartera ezagutzan sakonduz https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ikasgelatik-gizartera-ezagutzan-sakonduz/@@download/image/gizadiberri3_1411644667.jpg
2014/10/06
erreportajea
Testua: Gorka Ascorbebeitia @Gascorbe @Gizadiberri
Deustuko Unibertsitateko Zerbitzu Ikasketak izeneko programak ikasleek
beharrezko ezagutza modu praktiko eta motibagarrian lortzea eta gizartean
onura eragitea du helburu.


Bolonia Plana indarrean sartu eta batera, duela bost ikasturte, Deustuko Unibertsitateak karrera guztien bigarren mailan Identitatea eta Misioa izeneko ikasgaia ezarri zuen. Ikasgai hori gainditzeko ikasleek hainbat aukera dituzte. Adibidez, eguneroko gai baten inguruan gogoeta kritiko bat egin dezakete edo lankidetza erakunde baten proiekturen batean parte hartu. Beste aukera bat Ikasketa Zerbitzuetan sartzea da. Azken horietan, ikasitako gairen bat landu behar dute ikasleek, baina gizartearentzat onuragarria den era batean.
"Lankidetzaren eta enpresa praktiken artean dagoen programa bat da", azaldu du Aitziber Mugarrak, Deustuko Ekonomia irakasle eta Zerbitzu Ikasketen sustatzaileak. "Ikasleek gaitasun jakin batzuk landu ditzaten bilatzen dugu, baina egindako lana norbaitentzat onuragarria izatea ere gura dugu", gaineratu du.

Mugarrak programa oso egoki ikusten du, are gehiago, berak ematen dituen ohiko ikasgaietan ere txertatu du. Nazioarteko Harremanak eta Zuzenbidea graduetan Ekonomiara sarrera ikasgaiko klaseak ematen ditu lehenengo mailan, eta bere ikasleak Ikasketa Zerbitzuetan parte hartzera animatzen ditu; ikasleen %80ak baino gehiagok hautazen dute bide hori. "Normalean, gradu hauetako ikasleei ez zaie ekonomia batere gustatzen, eta irakaslearen lana ez da erraza. Horregatik nire lehen helburua motibazioa indartzea da", adierazi du Mugarrak. Banka etikoaren ezagutza gazteen artean zabaltzeko helburua zuen programa batekin hasi ziren lehen ikasturteetan, eta gerora beste hainbat ere jarri dituzte martxan. Aurreko ikasturtean, adibidez, alfabetatze ekonomikoa sustatu zuten, ekonomiari buruz gutxi zekiten pertsonei eguneroko bizitzarako garrantzitsuak diren kontzeptuak azalduz.

Ikasleak irakasle
Ikasturte honetan Nazioarteko Harremanak graduko bigarren mailan dauden Félix Colás eta Emilia Padín ikasleak izan ziren programan parte hartu zutenetako bi. Taldeka zein bakarka, ekonomia klaseak antolatu zituzten ekonomiaz gutxi zekiten pertsonentzat. Padínen taldeak berarekin egoitzan bizi diren beste ikasketetako ikasleentzat antolatu zituen klaseak: "Dozena bat ikasle etorri ziren, bai Deustukoak zein beste unibertsitate batzuetakoak. Adibidez, Ingeniaritza eta Erizaintzako bina ikasle etorri ziren, baita Medikuntzako bosgarren mailako bat ere", gaineratu du. Ikasgaia krisiaren jatorriari eta ondorioei buruz antolatu zuten.
"Etorri ziren guztiek interes handia jarri zuten, eta oso lasai sentitu nintzen azalpenak ematen", gogoratu du Padínek. Klaseen ostean galderentzako tartea ere egon zen, eta momentu horretan ikasleen egonezina azaleratu zen: "Batez ere krisia noiz bukatuko den eta lana topatzeko aukerei buruz galdetu zuten".

Padínek begi onez ikusten du programa, eta uste du konpetentzia batzuk lantzeko klaseak baino eraginkorragoa dela. "Ezezagunei azalpenak emateko gaia oso ondo menperatu behar duzu, bestela denbora galtzen ari direla irudituko zaie", azaldu du. Félixek ere antzerako irudipena du: "Zure klaseko ikaskideak behartuta daude zure azalpenak entzutera. Orain, Zerbitzu Ikasketetan parte hartu ondoren, klasean egiten ditugun aurkezpenak barregarriak iruditzen zaizkit". Bere taldeak atzerritarrentzako jantoki sozial batean antolatu zituen klaseak. Bertan, pateran edo hesiak zeharkatuz etorritako etorkin afrikarrak zeuden. "Askok apenas zekiten gaztelaniaz. Hala ere, hamar minutuz bakarrik hitz egin ahal izan genuen, jarraian galderak egiten hasi baitziren, eta ia bi orduz aritu ginen azalpenak ematen", gogoratu du Félixek. Berriz ere, gai nagusia krisia izan zen, baina kasu horretan politika ekonomikoari buruz hitz egin behar izan zuten batez ere. "Etorkinentzako oso zaila da politikariek hartzen dituzten erabakiek ekonomiaren egoeran eragina dutela ulertzea", argitu du. Gai horretaz aparte, lana aurkitzeko aukerei buruz ere galdetu zuten. "Ikastaroa antolatu genuen momentuan Espainian hazkunde ekonomiko txiki bat izan zen, eta horrekin krisia bukatuta zegoela uste zuten, baina oraindik ere asko falta dela azaldu genien", adierazi du Félixek.

Gaitasunak hobetzen
Ikasle bien ustez, jendaurren hitz egiteko konpetentziak ere klasean baino hobeto landu dituzte. Aitziber Mugarra haratago doa: "Ikerketek diote ikasleek norbaiti zerbait azaldu behar dietenean lortzen dutela ezaguera mailarik altuena". Partaideek ikasgaian izan dituzten emaitzak oso onak izan dira. Ikasle gehienek parte hartu dute programan, eta horregatik, Mugarrak ez du oraindik konparaketa zehatzik egiteko modurik. Hala ere, Zerbitzu Ikasketak beste eremu batzuetara zabaldu nahian dabil. "Informatika fakultatearen eta Gizarte Zientzien fakultatearen arteko partaidetza proiektu bat jarri nahi dugu martxan", dio Deustuko irakasleak. Proiektuaren helburua Fekoor-ekin (Bizkaiko gutxitasun fisikoa duten pertsonen elkartea) batera herrialdearen mugikortasun mapa bat egitea da. Baina horretarako app bat programatu nahi dute, eta finantziazioa falta zaie oraindik. Izan modu batera edo bestera, helburua berbera da: unibertsitateko ikasleen jakintza gizarteko beharrei erantzuteko praktikan jartzea.