III. Euspot lehiaketan parte hartzeko azken egunak!

III. Euspot lehiaketan parte hartzeko azken egunak! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/iii-euspot-lehiaketan-parte-hartzeko-azken-egunak/@@download/image/euspot_1391508875.jpg
2014/02/04
berria
Mondragon Unibertsitateak, Aretxabaletako Udalak eta Arteman Komunikazioa Kooperatibak antolatutako Euspot lehiaketaren hirugarren edizioa azken txanpan sartu da: ostiralera arteko epea duzue zuen lanak bidaltzeko!


Euskara hedatzeko eta gazteen bideo sormena bultzatzeko asmoz 2012an abiatutako Euspot euskarazko spot lehiaketak harrera bikaina izan zuen lehen bi edizioetan, eta horregatik, hirugarrena martxan jartzea ebatzi dute antolatzaileek. Hamasei urtetik gorako herritarrei zuzendutako lehiaketak pintxo-potea eta euskara gaia izango du oinarri aurtengoan; ziur gaude alorrean adituak zaretela!

Edozein formatutan aurkeztu ahal izango dira 20 eta 30 segundo arteko euskarazko spotak, baina HD formatuan grabatu eta muntatutakoak hobetsiko ditu epaimahaiak. Halaber, lizentzia libreko musika edo spotarentzat propio sorturikoa erabiltzeaz gain, lana Creative Commons lizentziapean aurkeztu beharko da, aldez aurretik YouTube plataformara igo ostean.

Honenbestez, helbide honetan aurkituko duzuen formularioa bete behar duzue lehenbailehen, eta ostiralean bertan, iluntzeko 20:00etan, parte hartzaile guztien bideoak ikusgai jarriko dituzte atari berean. Erabiltzaileek hilaren 12ra bitarteko tartea izango dute gustukoenaren alde bozkatzeko.

Azkenik, Arteman Komunikazioa Kooperatibako profesionalek, MUko irakasleek, Aretxabaletako Udaleko ordezkariek eta hedabideetako profesionalek osatutako epaimahaiak ikusleena ez den gainerako sarien irabazleak ebatziko dituzte.

Sari banaketa
Orotara lau sari banatuko dituzte: Spot Onenaren saria, 1.000 euro; MUko Ikasleen Spot Onenaren saria, 500 euro; Publikoaren saria, beste 500 euro; eta Gazteen saria, 250 euro (18 urtetik beherakoek eginiko lan onena).

Berauek maiatzaren 15ean Aretxabaletako Arkupe kultur etxean egingo den ekitaldian banatuko dituzte, eta Hamaikak, Goienak eta Tokikok zuzenean igorriko dute Euskal Herriko toki telebisten sarearen bidez. Bizkor ibili!