III ***

Aspaldi honetan esaten ari garenez, 70eko hamarkadako funk ilun, zikin eta ketsuaren maitaleak zorioneko dira. Azken urteotan perretxikoak bezala hazi baitira garai haietan oinarritutako musika taldeak. New York hirian sortu direnen artean, The Budos Band da ezinbesteko horietako bat. Erritmo instrumental gogor eta azkarrak eskaintzen ditu nagusiki, funk musikaren arima dutenak, tarteka soul eta jazzaren koloreekin goxatuta, eta Afrobeat eta New Orleanseko espirituak igurtziak. Lehen entzunalditik haratago, denbora eta arreta eskatzen du.