Igor Elortza “27 urterekin beteranoena izatea paradoxa ere bada”

Igor Elortza “27 urterekin beteranoena izatea paradoxa ere bada” https://www.gaztezulo.eus/albisteak/igor-elortza-27-urterekin-beteranoena-izatea-paradoxa-ere-bada/@@download/image/25p42-1.jpg
2006/06/02
elkarrizketa
Onintza Enbeita
Igor Elortza “27 urterekin beteranoena izatea paradoxa ere bada”
Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finala abenduaren 8an jokatuko da, Bilboko Euskalduna jauregian. Txapelketaz Igor Elortzarekin hitz egin dugu. Igor birritan nagusitu da eta azkeneko txapela berak eskuratu zuen. 

Zelan ikusten duzu zeure burua txapelketan?
Kanporaketa batera joan nintzen, neure burua kokatzeko. Dena dela, ia urtero izaten dugu txapelketaren bat, eta urtero berdin motibatzea ez da erraza. Iaz, Euskal Herriko txapelketan, nekatuta amaitu nuen. Zorionez, bertsoekin nekatu orduko amaitu zen txapelketa. Aurtengo Bizkaiko txapelketan benetan gozatzeko gogoa dut.

Edozelan ere, txapel bi izanda, presiorik izango duzu, ezta?

Eguna heltzen denean, gauzak aldatu egiten dira, baina oraingo urruntasun txiki honetatik begira, lasai nago. Presioa Unai Iturriagarekin konpartituko dudala uste dut. Hura ere birritan izan baita txapelduna. Guk, baina, gurea egin behar dugu, ahalik eta ondoen. Beraz, gurago dut txapelean larregi ez pentsatzea. Jendeak gogoan du oraindik txapeldunak nortzuk izan diren, baina egun horretan bakoitzak duena emateak balio du. Ahaleginduko naiz presio hori ahaztuta kantatzen. Irabazteko aukera guztiok izango dugu; ondoen kantatzen duenak irabazi dezala.

Iturriaga eta biok zarete, izan ere, zeuen gaztetasunean, txapelketako beteranoenak. Hor daramatzazuen urte guztietan, nabaritu al duzue belaunaldi aldaketa hori?

Duda barik. Txapelketa gero eta gazteagoa da, eta badugu erru apur bat horretan. Dena den, batez besteko adin hori beherantz joateak badu irakurketa positiboa: urte batzuetarako bizirik dagoela bertsolaritza Bizkaian. Beste alde batetik, jendea txapelketarekin gero eta azkarrago nekatzen dela dirudi. 27 urterekin beteranoenak izatea, ia paradoxa ere bada. Dena den, aspaldiko ezagunak garela eta, publikoak beteranotzat hartu arren, ez dut uste 22 urteko baten eta nire artean ezberdintasun handirik dagoenik.

Finalerako kinielarik egiten ausartuko zinateke?

Ausartu naiteke, baina ez dut uste horretarako garaia denik. Aurreko zortzikotea apurtzea zaila da. Hala ere, inoiz finalean egondakoek zortzikotea baino gehiago osatzen dute eta horietatik bospasei ziur egongo dira Euskaldunan. Beste pare batentzako lekua ere badago. Edozelan ere, Euskal Herrikoan kiniela asko apurtu ziren. Egia da denok ez garela arlo guztietan ondo moldatzen. Gure kasuan, esperientziarekin errazagoa da arlo zailagoetan seguruago erantzutea. Hori ere, hanka sartzeko neuk dudan arriskua kontuan izanda diot.