Igandean, zita Bono eta bere lagunekin

Igandean, zita Bono eta bere lagunekin https://www.gaztezulo.eus/albisteak/igandean-zita-bono-eta-bere-lagunekin/@@download/image/20109248314u2.jpg
2012/12/13
berria
Igandean, zita Bono eta bere lagunekin
Euskal Herrian joko du berriz ere U2 taldeak. Berriz ere diogu duela bost urte, 2005eko abuztuan Bono eta bere taldekideek How to desmantle an atomic bomb bira ekarri zutelako Donostiako Anoeta estadiora.

Oraingoan ere Donostian ariko dira. Igandean izango da kontzertua. Bonok –abeslaria-, The Edgek –gitarra jotzailea-, Adam Claytonek –baxu jotzailea- eta Larry Mullen Jrek –bateria jotzailea- osatzen dute U2.

Atenas, Istanbul, Zurich, Munich, Paris, Viena, Mosku, Helsinki…; U2 360 biran dabil buru belarri Irlandako taldea. Udaberrian, bira bertan behera utzi behar izan zuten, Bonok min hartu baitzuen bizkarrean. Hala ere, abeslaria osatu egin da eta duela aste batzuk ekin zioten ostera ere kontzertuei.

30 urtetik gorako bidea egina du U2k. 1976ko irailaren 25a jotzen dute jaiotze data gisa. Horrek esan nahi du Donostiako kontzertuaren bezperan 34 urte beteko duela taldeak. 1980an lehen diskoa plazaratu zuen, Boy, 1980an ia ereserki bihurtutako Sunday Bloody Sunday kanta atera zuten plazara, eta 1987an adituen arabera lanik biribilena osatu zuten: The Joshua Tree.

Donostian, duela bost urte, atera berria zuten diskoko kantak ez ezik, klasikoak ere jo zituzten, zaleen gozamenerako. Hala nola, The Electric Co, I Will Follow, Sunday Bloody Sunday… Orduko hartan, Alex Kapranos buru duen Franz Ferdinanek jo zuen atariko gisa; oraingoan, AEBetako Interpolek izango du eginkizun hori.

ACDCk Bilbon emandako kontzertuarekin batera, hau izango da ziurrenik Euskal Herrian musika emanaldi nagusia aurten.

Duela bost urte, "bat, bi hiru... hamalau" euskarazko hitzekin hasi zuten kontzertua. Oraingoan zer? Igande goizean bertan sarrera batzuk jarriko dituzte salgai Anoetako txarteldegian.