Igandean ospatuko da Ibilaldia Bilbon

Igandean ospatuko da Ibilaldia Bilbon Abusu ikastetxetik abiatuko da, eta euskal dantzak, herri-kirolak, ipuin kontalariak, musika-emanaldia, magia-emanaldiak eta beste hainbat jardueraz gozatu ahalko da. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/igandean-ospatuko-da-ibilaldia-bilbon/@@download/image/20210701_110527.jpg
2022/05/27

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Abusu ikastetxetik abiatuko da, eta euskal dantzak, herri-kirolak, ipuin kontalariak, musika-emanaldia, magia-emanaldiak eta beste hainbat jardueraz gozatu ahalko da.
Igandean ospatuko da Ibilaldia Bilbon

Igandean ospatuko da Ibilaldia, Bilbon, Abusu ikastolak antolatuta, Erro, harri, har lelopean. Antolatzaileek azaldu dutenez, "Erro, sustraiak zaintzen gabiltzalako, harro, errota izandako honetan proiektua errotu asmoz. Harri, harria bezain gogor jardungo garelako, euskara eta ikastolaren alde gotortuta, Euskal Herrian erraza ez den egoeran, temati. Eta Har, harrera herri izan nahi dugulako. Gure herrian zein kanpoan jaiotakoei zabalik egon nahi dugulako, euskara eta ikastola eskainiz. Berdintasuna ere helburu dugulako, pandemiak berriz ere handitu dituen zailtasun eta arrakalen aurrean; hezkuntza inklusiboa eta unibertsala, finean". 

Bilboko ikastolak 4.2 km-ko ibilaldia antolatu du, ikastetxetik bertatik abiatuko dena, eta Ibaieder, Ollargan eta Montefuerte parkeetan zehar ibiliko da. Lau gune antolatu dituzte guztira, eta eremu bakoitzean hainbat ekintza izango dira.

Ikastolako gunean erronka, ipuin kontalaria, Imanol Ituño magoa, Yogurinha Borova eta Aiko taldearen emanaldia izango dira. Bigarrenean, Erron, Abusuko abesbatza,  Bokabeats, Afrika Bibang, Txapito Guzman eta Ibarrako langostinuek, disko txantxa, Go!azen, eta Kaiku: Elikagaien taupadak. 

Hirugarren eremuan, Harrin, Bolintxu dantza taldea, Etorkizuna musikatan, herri kirolak, Kai Nakai, Itziarren semeak eta Harrobi antolatu dituzte. Azkenik, Har gunean, dantza tailerra, Musta tanbor tailerra, Garilak 26, Modus Operandi, STR eta DJ Bull izango dira. 

Gainera, zurezko jolasak, aurpegiak margotzeko tailerrak, zirku tailerrak, zanpantzarrak, puzgarriak, Euskaltel txirrindularitza pista eta beste zenbait kontu ere izango dira egunean zehar. Bazkari herrikoia ere egingo dute Abusu ikastolan.

Ibilaldia, lehenengo aldiz, Uribe Kostan ospatu zen, 1978an, eta 1980tik urtero-urtero egin da. Aurtengoa 44. edizioa izango da, beraz. Bizkaiko ikastolen jaia izatea, ikastolen hezkuntza-proiektua ezagutzera ematea, eta erronka berriei aurre egiteko baliabideak eskuratzea du helburu.