Igandean, Ibilaldia 2013 Portugaleten

Igandean, Ibilaldia 2013 Portugaleten https://www.gaztezulo.eus/albisteak/igandean-ibilaldia-2013-portugaleten/@@download/image/ibilaldia_2013_1369208028.jpg
2013/05/22
berria
‘Aldapa leunduz’ lelopean, milaka euskaltzale bilduko dira igandean, maiatzak 23, Portugaleten Bizkaiko ikastolen aldeko jai erraldoian. 7,5 kilometroko ibilbideak Sestao eta Santurtzi ere zeharkatuko ditu.


Portugaleteko Asti Leku Ikastolak iaz jaso zuen lekukoa Trapagarango Itxaropena Ikastolaren eskutik, eta urte betez Ibilaldia 2013 prestatzen jardun dute. Azkenik, igandea helduko da egun handia, Bizkaiko ikastolen aldeko jaia, eta antolatzaileek dena prest dute 80.000 eta 100.000 euskaltzale inguru herrian jasotzeko.

Aurtengo edizioaren leloa Aldapa leunduz da, bereziki, euskarak Ezkerraldean dituen zailtasunei aurre egin eta "aldapak leuntzen" ahaleginduko direla adierazi nahi baitute portugaletetarrek.

Goizeko 9:30ean zabalduko dute ibilbidea, eta 7,5 kilometroko bidean Portugalete, Sestao eta Santurtzi zeharkatuko dituzte ibiltariek. Orotara bost gune izango dituzte atseden hartu, ikuskizunez gozatu eta sabela janari eta edariz betetzeko. Hirugarren gunean, hain justu, bi eszenatoki jarriko dituzte, eta bertan ariko dira, besteak beste, Makabi, Zarama eta Gatibu taldeak .

Trafiko arazoak saihestu eta Portugaletera garaiz iristeko, metroa, trena edota autobusa erabiltzeko gomendatu dute antolatzaileek, eta horretarako zerbitzu bereziak jarriko dituzte egun osoan zehar.

Asteburu osoan
Baina Ibilaldia ez da asteburuko zita garrantzitsu bakarra izango Portugaleten. Izan ere, larunbatean Foklore Azoka egingo dute Elai Alai elkartearen eskutik, eta igandean bertan herriko futbol taldeak Valentziaren aurka jokatuko du mailaz igotzeko lehen partidua. Beraz, asteburu borobila espero dute herrian! Ea eguraldia lagun duten!!