Igandean, Donostiatik Zubietara bizikletaz!

Igandean, Donostiatik Zubietara bizikletaz! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/igandean-donostiatik-zubietara-bizikletaz/@@download/image/ziklobia_2_1369294659.jpg
2013/05/23
berria
Igandean, Donostiatik Zubietara bizikletaz!
Olatu Talka egitasmoaren baitan eta bizikletaren onurak aldarrikatzeko asmoz, Ziklobia egingo dute igandean, maiatzak 26, Donostiako Saguesetik Lasarte-Oriako Zubieta auzora. Hiri Bira elkartearen laguntzaz, goizeko 10:00etan abiatuko da txangoa, animatu gazte!


Garraiobide merke eta erosoa da bizikleta. Gainera, ingurumenari ez dio kalterik egiten, eta osasungarria ere bada. Halaber, hiriko trafiko arazoak saihestu eta puntu batetik bestera azkarrago iristeko balio du, eta nola ez, inguruneaz gozatzeko aukera eskaintzen du. Denak dira abantailak!

Horregatik, bizikletek hirian merezi duten presentzia aldarrikatu eta herritarren artean kontzientzia pizteko asmoz, Ziklobia antolatu dute igande honetarako. Hain justu, Olatu Talka 2013 egitasmoaren baitako jarduerak gauzatuko dituzte asteburuan Donostian eta lurralde osoan, eta Ziklobia ere egitarauaren baitan kokatu dute.

Plangintza
Goizeko 10:00etan egin dute zita Donostiako Sagueseko zabalgunean. Bertan elkartuko dira Donostiatik nahiz inguruko herrietatik hurbildutako txirrindulariak, eta haiekin batera patinetan edota oinez ere egin ahal izango da ibilbidea. Taldea Lasarte-Oriara abiatuko da 30 kilometro / orduko guneak baliatuz, eta uneoro sound system musika izango dute lagun parte hartzaileek.

Baina ibilaldiaz haratago, ekimenari jarraipena emateko asmoz, PoloBike erakustaldia egingo dute Añorgako basket kantxan 11:30ean. Bilbo, Gasteiz eta Iruñeatik etorritako taldeek modalitate berri honen nondik norakoak azalduko dituzte, izan ere, polo klasikoaren aldaera bat da PoloBikea, zaldiak beharrean, bizikletak baliatzen dituena. Kuriosoa eta dibertigarria izango da!

Eta ondoren, Zubietarainoko bidea jarraituko dute, arratsaldeko 16:00etan ekimenari amaiera emanez.