Igande honetan, Cosmic Fest Gasteizen

Igande honetan, Cosmic Fest Gasteizen https://www.gaztezulo.eus/albisteak/igande-honetan-cosmic-fest-gasteizen/@@download/image/cosmic_fest_1398152511.jpg
2014/04/22
berria
Igande honetan, Cosmic Fest Gasteizen
Cosmic Tentacles! webzinearen, Ibu Hots aretoaren eta Madres Fundadoras kolektiboaren elkarlanetik sortu da Cosmic Fest underground jaialdia. Datorren igandean, apirilak 27, rock doinuek hartuko dute Gasteizko Ibu Hots aretoa.


Estatuko talde rockero entzutetsuak ez ezik, zale eta zigilu independenteak bilduko dituen jaialdia aurkeztu dute Cosmic Tentacles!, Ibu Hots eta Madres Fundadorasek: Cosmic Fest. Lehen edizioa egingo dute igandean, apirilak 27, eta sarrerak salgai dira dagoeneko 12 eurotan Ibu Hotsen, Stoneheaden eta La Morguen; egunean bertan 15 euro balioko dute.

Jaialdia eguerdiko 13:30ean abiatuko da, eta Doctor Sax gasteiztarraren folk intimoak lagunduta, disko eta merchandising postuak ikuskatzeko astia izango da 15:00ak aurretik, bazkalordura bitarte. Bidehuts, Metamovida, Nooirax eta Polit Buró bezalako elkarte eta ekoiztetxeen produktuak izango dira salgai.

Bazkalostean, bertako hainbat DJ arduratuko dira arratsaldea janzteaz, 18:00ak arte, Madrildik etorritako Phonocaptors garage, surf eta psikodelia doinuen txanda helduko baita orduan. Haien atzetik Irungo Moskuko hainbat musikari ezagunek osatutako Sacco, post-punka gorenerea daramaten Viva Bazooka gasteiztarrak eta iazko Bilbao Hiria Pop-Rock lehiaketa irabazi zuten Cró galiziarrak igoko dira taula gainera. 22:30ean amaituko dituzte kontzertuak, eta AfterPartyak hartuko du lekukoa.

Giro paregabeaz eta rock proposamen interesgarriez gozatu nahi izanez gero, hementxe duzu iganderako plana!