Idoia eta Maider

Idoia eta Maider https://www.gaztezulo.eus/albisteak/idoia-eta-maider/@@download/image/54p26-1.jpg
2005/07/01
erreportajea
Larraitz Arando. Sexologoa.
Idoia eta Maider
Homosexualitateaz hitz egiterakoan, gehienetan betiko topikoak etortzen zaizkigu burura. Topiko eta uste oker horiek mende luzez nagusitutako kultura hetereosexuatzaile baten ondorio dira. Euskal Herrian ere nabarmen gertatzen da hori.   

Idoia 24 urteko gasteiztar petoa da. Idoia erizaina da, eta parrandan ibiltzea gogoko du. Maider 22 urteko orkoiendarra da, Iruñeko alde zaharreko taberna bateko zerbitzaria da, eta gogoko du bere lana. Maiderrek Idoia maite du.

Iazko San Ferminak geroztik, Idoia eta Maider bikote dira. Euskal Herria txikia izan arren, bizilekuen arteko distantziak zailago egiten du Idoia  eta Maiderren arteko harremana. Baina zoritxarrez, kilometro horiek ez dira oztopo bakarra beraien harremana aurrera eramateko: Idoia eta Maider homosexualak dira, eta tamalez, euskal gizartea oraindik ez da nahikoa heldua beraien harremana modu sanoan bizitzeko.

Homosexualitateaz hitz egiterakoan, gehienetan bi mutilen irudia etortzen zaigu burura, baina homosexualitatea sexu bereko kideen erakartzea da. Beraz, Idoia eta Maider ere homosexualak dira, baina emakumezkoak.

Topiko ugari

Azken urteetan, homosexualitatea gai topikoa bihurtu da egunkari eta aldizkarietan. Makinatxo bat lerro idatzi da gai honi buruz, baina topikotasun horretatik tipikotasunera pasatzeko, lan handia egin beharra dago oraindik.  

Jakina da kultura heterosexual batean jaioak garela. Euskal Herriko kultura guztiz heterosexuatzailea denez, kultura horrek heteroak sortzen ditu sistematoki. Ondorioz, gizarte hau heteroentzako antolatua dago, eta heterosexualitate horretatik kanpo gelditzen den guztiak,  oztopo gehiago izango ditu bidean.

Kontuan izan behar da, gure komunitatea osatzen duten giza taldeetan, erabat nagusi direla hezitzaile, guraso eta lagun heterosexuatzaileak. Jaiotzen garen egunetik, heteroak izateko entrenatzen gaituzten horiek guztiek. Hala, zenbat aldiz entzun ote dugu bost urteko neskatoari egindako galdera, "ba al duzu senargairik?", edo hamasei urteko mutilei esandakoa, "oraintxe duzue nesketan egiteko sasoia!". Horrelakoak eguneroko esaerak dira gure etxeetan.

Beti izan da horrela?

Oso ezaguna da jarrera hauen jatorria. IV. mendera arte, pertsona batek ez zuen maite zuenaren sexuan arreta berezirik jarri beharrik. Baina 342. urtean, Constantino Enperadore erromatarrak, dekretu bat ezarri zuen gizonen arteko jokabide homosexualak zigortzeko. Hain zuzen, dekretu hura izan zen homofobiaren aitzindari garrantzitsuenetariko bat.

Constantino enperadorearen garaian homosexualitatearekiko sortutako jarrera horrek, gaur arte iraun du Europan eta Ekialde Hurbilean. Hala ere, maiz, homosexualitatearen historiako pasarte ilunak entzuten ditugu bakarrik; baina historiak inposatutako muga hauek zeharkatuko bagenitu eta ondo arakatuko bagenu, ostarteak eta eguzki izpiak ere aurkituko genituzke. Ziur.

Nolako fantasia, halako desira?

Umezarotik heldutasunera salto egiterakoan, pertsona baten pentsamoldea, desira eta bizipenak aldatu egiten dira. Aldaketa garai horretan, gaztetxo asko hasten dira fantasiak sortzen eta haiekin gozatzen.

Hain zuzen, fantasiekin lotutako eremu hori, pertsona batek duen eremu askeenetariko bat da. Nolabait esatearren, inork lapur tu ezin digun askatasun-eremua da fantasia. Hala ere, fantasia horiek inork lapurtu ezin dizkigun arren, uste baino baldintzatuago egoten dira. Gure gizartean, sistema buruek, fantasiak mugatzeko armak asmatzen dituzte behin eta berriz –elizak, adibidez-. Kontrolerako arma hauen gakoa, beti bera izaten da: norbera bere fantasien polizia bihurtzea.

Auto-kontrolerako arma horien eragina kaltegarria da guztiz. Izan ere, gure fantasietan gizarteak inposatutako mugak zeharkatzen ditugun bakoitzean, errudun sentitzen gara eta gure burua zigortzen dugu. Zigor horrek, gure fantasiei muga imaginarioak jartzera behartzen gaitu, gure buruan bertan amildegiak eraikiaz.

Fantasiak eta errealitatea

Zenbaitetan, fantasiek eragina izaten dute bikote harremanetan. Gerta daiteke aldea egotea bikotekideek elkarrekin izaten dituzten praktika erotikoen, edo bikotekide bakoitzak, masturbaziorako lagungarri, buruan ibili ohi dituen fantasien artean. Horrexegatik, batzuetan, kosta egiten da norberaren fantasien berri ematea.

Adibide gisa, azter dezagun Nagore eta Anderren kasua: Nagore eta Ander elkarrekin dabiltza, baina Nagore arduratua dago Anderrek beste neska batzuk ibiltzen dituelako buruan masturbatzeko garaian. Beste hainbeste gertatzen da Ugutz eta Peiok osatutako bikotearekin ere: Peion fantasietan Igor agertzen da, eta Ugutz kezkatuta dabil Peiok Igor maite duela uste duelako. Jon eta Nereak ere bi urte daramatzate elkarrekin: Jon bi mutilen arteko sexu-jolasak erakusten dituen film batekin berotu da, eta Nerea pentsatzen hasia dago Jon homosexuala ote den. Iaz, Idoiak mutil batekin pasatu zuen gaua, eta Maiderrek ez daki; jakinez gero, Idoiari mutilak ere gustatzen zaizkiola ohartuko bailitzateke…

 %100? Baita zera ere!

Horrelako gertaerak gehientsuenon errealitatea dira; ez baita %100 homoa edo %100 heteroa den pertsonarik. Denok dugu homoa edo heteroa den zatitxo edo zatitzarra. Ez gara zuriak edo beltzak.

Beraz, desiren munduan, bi sexuak agertzea oso gauza arrunta da. Noizbehinka, gutxitan, edo askotan gertatu daiteke hori, baina momentuan berotzen zaituenarekin gozatu behar da, eta kitto!

Hala ere, fantasia eta errealitatea bereizi behar dira. Fantasietan erabat askeak gara, eta mugarik ez dugu gure fantasiak betetzeko garaian. Baina kontua da, fantasietan kitzikatzeko edozerk balio duen arren, fantasia guztiak errealitatera eramatea ezinezkoa dela. Izan ere, norbera da bere fantasien gidari eta jabe, baina errealitatean, beste pertsonekin negoziatu beharra dago. Zure fantasietan, izan zaitez ausart eta abenturazale!

Identitatea eta desira orientazioa



Azkenaldi honetan, errazegi nahasten dira bi kontzeptu hauek: identitatea eta desira orientazioa. Hona hemen, argi eta garbi, bien definizioa:

-Identitatea: Gu garena, eta garen hori azaltzeko modua.

-Desira orientazioa: mutilak edo neskak desiratzea. Adibidez, marimutil eta lumadunen desira homoen mitoa oso zabaldua dago. Badirudi neska marimutil guztiek lesbianak izan behar dutela, eta lumadun mutil denak, gayak. Eta egia da badirela kanon horietan sartzen diren hainbat gay eta lesbiana, baina desira orientazioa definitzerakoan,  arriskutsua izan daiteke estereotipo horietara mugatzea.

Izan ere, badira futbolari zakar homosexualak, eta baita aldarrikapen kamisetak eramaten dituzten rasta homosexualak ere. Eta badira, marimutilen ezaugarrietatik urrun, azken moda jarraituz erabat fashion jantzita dabiltzan lesbianak ere. Edo Idoia bezalako erizain finak… denetarik dago, beraz.

Kontuak kontu, neskak edo mutilak izan, pertsonak desiratzen ditugu beti. Beste pertsona baten eskuak gure gorputza ferekatzen duenean, gure gorputzak gozamena sentitzen du. Momentu horretan, berdin du eskua Maite edo Jokinena den. Beraz, utzi lasai zure gorputzari, sentitzen duena bizitzen! Askatasunez bizi zure sexualitatea! Neska-mutil, neska-neska, mutil-mutil, inon ez dago gauza txarrik. Zergatik ez, beraz?