Idi Bihotz: “Metalaren adar guztiak lantzen ditugu"

Idi Bihotz: “Metalaren adar guztiak lantzen ditugu" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/idi-bihotz-metalaren-adar-guztiak-lantzen-dituguquot/@@download/image/27p16-1.jpg
2003/02/07
elkarrizketa
Julen Azpiarte
Idi Bihotz: “Metalaren adar guztiak lantzen ditugu"
1996an taldea sortu zenetik hona, Idi Bihotz-ek bideo bat eta lau disko argitaratu ditu. Taldekideak gazteak diren arren, ibilbide oparoa egin dute bizkaitarrek. Mikel kantariak dioenez, "gauzak etorri diren moduan" hartu dituzte, baina inork ez die ezer oparitu, lana da arrakastaren giltza. Mikel tximaluzearekin aritu gara solasean.

"Amaigabe berria" azken diskoan soinua gogortu duzue, thrash-agoa da. Zergatik?
Bai, gogorrago atera zaigu. Abiadura handiko diskoa da. Bertan, thrash ukituak aurki daitezke, Metallica, Slayer eta antzeko taldeen jarraitzaile amorratuak gara eta. Dena dela, taldekide bakoitzak talde batzuen eragina jaso du. Beraz, metalaren adar guztiei heltzen diegu. Oso pozik gaude emaitzarekin. Haritz Harreguy ekoizleak ere lan polita egin du.

Kantuen hitzak pertsona baten ametsetik abiatzen dira. Nola bururatu zitzaizuen abestiak bata bestearekin lotzea?

Ideia besterik gabe sortu zen, zerbait ezberdina egiteko. Hitzek garrantzia dute guretzat, eta lan honetan, bizitzari buruzko gaiak jorratu ditugu. Zahar batek bere bizitzari ematen dion gainbegiratuaz ari gara, ikuspuntu abstraktu batez, amets bat balitz bezala. Metaforez beteriko kantuak egin ditugu: itsasoa, uharteak... Gure pertsonaia esnatzean, gaztea dela somatzen du, bere ilusio eta beldurrekin.

Heavy klasikoa modan dagoela esan ohi da. Askotan estilo hori gaztetxoenekin lotzen da. Egia al da?

Euskal Herrian musikarekin gertatzen dena benetan bitxia da, euskal musika berez estilo bilakatu baita. Hemen ez du axola musika estiloak. Betagarri eta Idi Bihotzen kontzertu batean jende bera aurki dezakezu, biek euskaraz dihardugulako. Hala ere, azken urte honetan, heavyak hasi dira etortzen gure kontzertuetara. Bestetik, kanpoan jotzen dugunean, heavy-ak izan ohi dira nagusi.

Disko denda bat duen lagun batek esan dit disko berria neskek erosten dutela gehien bat... Egia al da?

Neskek erosten dutela gure diskoa? Baliteke, eta?

Disko berria Euskal Herritik kanpora ere aurkezteko asmorik al duzue?

Bai, urtarriletik aurrera Katalunia, Madril, Galizia eta Londresera joango gara. Horrez gain, harremanak ditugu Europan. Kontzertu gehiago atera ahalko al zaizkigu!