Ibon Alberdi: “Uste baino fede gehiago dago gazteen artean”

Ibon Alberdi: “Uste baino fede gehiago dago gazteen artean” https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ibon-alberdi-uste-baino-fede-gehiago-dago-gazteen-artean/@@download/image/17p16-1_1370344612.jpg
2002/03/01
elkarrizketa
Jon Odriozola
Ibon Alberdi: “Uste baino fede gehiago dago gazteen artean”
Aste Santua gain-gainean dugu. Opor egunak dira gehienentzat, baina batzuk erlijioari atxikitzen zaizkio egun horietan. Errenterian Ibon Alberdi apaiz gaztea topatu dugu. Hernaniarra eta Kimiketako ikasle ohia da Ibon, eta astean, batez beste, dozena erdi pasatxo meza ematen ditu.

Presidenteren bati entzun diot, futbola erlijioa dela…
Erlijioa bizi zentzuaren eta absolutoaren arabera dago. Hau da, gauza guztien gainetik zer edo zer jartzen denean, bai dirua, sexua… Futbolak agian horrelako joera izan dezake zenbaitzuentzat.

Altzariak egiten iaioa omen zara, baina, Errenteria, ia 40.000 laguneko artaldea gobernatzea, ez da erraza izango…
Ez dut guztia nik egiten, noski, jende gehiago badut ondoan. Hala ere, pertsona izateko bidean, gure fedetik zoriontsu bizitzera animatu behar ditugu.

Ardi beltzik?
Ez dut sumatu, harrera oso ona izan baitut. Hala ere, beste era bateko pentsaerak dituztenak ardi beltz bezala bataiatzea ez dut uste zuzena denik. Jendea hurbildu zait fededuna ez dela aitortu eta laguntzeko prest dagola adieraziz.

Azken urteetan eliza asko aldatu dela diote. Egia al da?
Ez dut uste aldaketa hori elizari bakarrik gertatu zaionik, gizarte mailan, oro har, hamaika aldaketa gertatu baitira. Fedea ez da aldatzen, baina eliza pertsonez osatua dago, eta bizitzaren antzera, antolamendu aldakorra du.

Hamar aginduetatik zein da zuretzat garrantzitsuena?
Lagun hurkoa maita ezazu zeure burua bezala. Honetan oinarritzen dira beste guztiak.

Unibertsitatean azterketak amaitu berriak dituzte, baina, kandela bat piztu eta bi aitagure errezatzea (txuleta barik), Jainkoarengana hurbiltzeko modua al da?
Jendeak gauza askotan sinesten du, baina azterketak hori eginda gaindituko dituenik ez da jaio. Jainkoa beti ondoan dugu animatzen, baina, ez era horretako mirariak egiten.

Gazteek fedeari-elizari bizkarra eman al diote?
Ez. Aukera zabala dago, hala ere: gizartea aztertu ezkero, beste nolabaiteko erlijiotasun bat antzematen dut. Kristau fedea beti gizateari zabaldu eta ospatu beharrekoa dela ikusten dut.

"Star Academy" edo "Operación Triunfo"-koak al dira egungo Jainko txikiak?
Aitortzen dut erreferente horiek oso modan daudela, gauetik goizera ezagun egin nahia, alegia. Nire ustez, oinarrizkoena, pertsona izate bidean, landu, sakondu eta aurrera egitea da.

"Santo Tomas, ikusi eta sinetsi" al da egungo gazteen  leloa?
Uste baino fede gehiago dago gazteen artean. Baina modak direla eta, agian, batek baino gehiagok bere sinesmena ezkutatu egiten du. 

"Euskaldun fededun" leloa umezurtz al dago?
Esaldi ezaguna izan da urteetan. Hala ere, inongo adierazpenik ezin da orokortu. Lelo hori garai bateko kultura baten ondorio izan zen, eta elizak ikasi behar izan du herri osoa ez dela kristaua. Nork bere fedea lantzen eta bizitzen ikasi behar du, inor behartu gabe. 

Hobiratzea ala errausketa?
Ez diet beste munduko garrantzirik ematen. Bai, aldiz, heriotzaren ondoko bizitzari. Nire iritziz, betetasun egoera batera goaz, eta ibilaldi hori eguneroko bizitzatik hasten da.

Bizi dugun mundua baino infernu handiagorik ba al da?
Gizartea, oro har, infernu txiki eta zeru handiz osatua dago.

Sermoiak, luzeak edota aitaren batean amaitzen dituzu?
Hasieran kosta zitzaidan neurria hartzea, luze samarrak izaten baitziren. Dena den, piskanaka ari naiz neurtzen. Homiliak  etxetik idatzita eramaten ditut, eta gaiak, berriz, edonondik hartzen ditut, kristautasuna ez baitago munduko errealitatetik kanpo.

Zein da zure patroi kutunena?

Hernaniarra izanik, San Joan…

Eta festa gogokoenak?
Giroari begiratuz, eta senide guztiak biltzen garelako, sanjoanak, baina, Madalenak ere ez dira makalak!

Arrupe, jesuiten buru ohiak esana da: "gosea, injustiziaren alaba da".
Erabat ados nago. Mundu honetan denok primeran bizitzeko adina leku eta baliabideak ditugu.   

Kristautasunetik gizarteko arazoen irtenbidea aurki al daiteke?
Bai noski! Justizia zentzuan, batik bat. Eremu ezberdinetan, itxaropen falta larria antzematen dudanez, badugu zereginik.  

Askok diote, "fededuna naiz, baina, ez dut apezetan sinesten
Apeza ez da txamana. Fedea suspertu eta animatzen duen pertsona baizik: baina, azken hitza, noski, herritarrak du.