Iban Rusiñol: "“Euskal Herria heavy metalaren herria da”"

Iban Rusiñol: "“Euskal Herria heavy metalaren herria da”" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/iban-rusinol-quoteuskal-herria-heavy-metalaren-herria-daquot/@@download/image/2011158576root__1361551177.jpg
2011/01/07
elkarrizketa
Igone Fernandez
Reggae klasikoaren bidetik abiatu ziren, orain 10 urte, hendaiarrak. Iban gitarra joleak azaldu digunez, nahi beste probatzeko eta eboluzionatzeko denbora izan dute, baina amaitu da. "Erregaia" izenburupean dator Root Systemen azken lana eta azken agurra. 

Zer dakar "Erregaia" diskoak?
Hasiera-hasierako jai kutsu hartatik aldentzen da. Nahasketa handiagoa da, oso profil ezberdinetako musikariak garelako eta bakoitzak bere ekarpena egin duelako oraingoan. Europan zehar ezagututako taldeen eraginak ere nabaritzen dira.

Abesti berriak al dira denak?

Gehienak bai, baina badago ere kantu zahar baten birmoldaketa. Badakizu talde guztiok izaten dugula abesti madarikatu bat, jendeari izugarri gustatzen zaiona baina taldeak gorroto duena. Barricadari Pasion por el ruido mitikoarekin gertatzen zaiona guri Rasta gizon abestiarekin gertatzen zaigu. Horretaz gain, irrati emankizun baterako egin ziren lau bertsio akustiko ere sartu ditugu. Guztira, lau dira euskarazkoak, bat ingelesezkoa, beste bat inprobisatua eta gainerako guztiak frantsesez kantatuak dira.

Kontraesankorra dirudi lan berria plazaratzearekin batera agur esatea.

Tira, horrela atera zaizkigu gauzak. 2008an hasi ginen diskoa grabatzen, ia-ia bukatua genuen, detaile batzuk bakarrik geratzen zitzaizkigun… baina ordutik hainbat proiektu sortu dira, pixka bat elkar aldendu gara, tentsioak sortu dira zenbaitetan… Ikusten genuen taldea itzaltzen ari zela eta nahiago izan dugu behin betiko hil eta puntu. Lehenago gertatu izan zait beste talderen batean erdizka ibiltzea, eta oso itsusia da; nahiago dut horrela.

Hala ere, 10 urte hauen gaineko balorazioa, ona?

Bai. Batez ere Europan zehar ibili gara beste zenbait euskal taldek irekitako bidea jarraituz. Lehenago ere jo izan dut Suitza eta Belgika aldetik, eta, egia esateko, euskal talde guztiok egin dugu antzeko zerbait. Aspaldiko Beltzez taldearen pegatinak aurkitu izan ditugu lokaletan, Dut-en erreferentziak ere bai… Esperientzia horiek, noski, beti dira onak eta oroitzapen polita gordetzen dut.

Baina Euskal Herrian, zer moduzko harrera du reggaeak?
Euskal Herria Heavy Metalaren herria da, hori argi izan dugu beti. Bestela, ez dakit eszena handia ote dagoen; reggae egitea gustatzen zaidan arren, ez naiz honetan espezialista. Baina ez dago merkatu handirik e…

Zuena bezalako talde batek ze zirkuitu du gurean?

Root Systemekin oso gutxi jo izan dugu Hegoaldean; gehiago Iparraldean, hemen askoz ere errazagoa da. Batez ere besta komisioek antolatzen dituzte kontzertuak baina, bestela ere, egia da euskaldunak izateak eta kantu batzuk euskaraz edukitzeak gaztetxeetara garamatzala, hemengo paisaia tipikoa dira gaztetxeak.

Zuek ere Hendaiako "Lanetik egina" etxetik pasatakoak zarete.

Bai noski, eta bertan aritutako guztiok ezagutzen dugu elkar. Iparraldea txikia da. Hemen, gainera, lokalen kontua oso zaila da, eta talde gazteei asko kostatzen zaie hastea. Miarritzen, adibidez, Atabal daukagu kontzertuetarako eta entseguetarako, baina bestela… gaztetxeak. Hala ere, kontuan izan hemen gaztetxeak elkarte ofizialak izaten direla, dena deklaratuta, segurantzekin… oso gutxitan egin dira okupazioak. Medioak behar dira gaztetxeak aurrera ateratzeko, horregatik 80ko eta 90eko hamarkadetan hemen ez ziren han bezainbeste ugaritu.

Etorkizunera begira, zer?

Ba, urte hasiera honetan kontzerturen bat eman nahi dugu agur esateko, ixteko. Gero, The Sparteensekin jarraituko dut, eta beste proiektuekin… Beltzez-eko abeslariarekin batera, adibidez, rock indartsuko talde berria osatu nahi dugu.