Iban Illarramendi eta Eider Perezek irabazi dute Etxepare Saria

Iban Illarramendi eta Eider Perezek irabazi dute Etxepare Saria Usain on eta txarrei buruz hausnartzen duen album ilustratua udazkenean kaleratuko dute. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/iban-illarramendi-eta-eider-perezek-irabazi-dute-etxepare-saria/@@download/image/289312919_5913112562050072_7799571718411487179_n.jpg
2022/06/29

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Usain on eta txarrei buruz hausnartzen duen album ilustratua udazkenean kaleratuko dute.
Iban Illarramendi eta Eider Perezek irabazi dute Etxepare Saria

Hogeita hamabost lan aurkeztu dira aurtengo Etxepare Sarira eta Iban Illarramendi eta Eider Perezek irabazi dute, Kiratsa izeneko albumarekin.

Kiratsa album ilustratuak Ñimi kukuso edo arkakuso baten abenturak ditu ardatz eta usain onei eta txarrei buruzko gogoeta plazaratzen du: zer den usaina, zer lurrina, zer kiratsa… Kukusoa Pantxi txakur dotorearengana iritsi da eta biak, triska, zapart eta jauzi, usain bila abiatuko dira.

Epaimahaia Miren Asiain ilustratzaileak, Idoia Sobrinok eta Patxi Zubizarretak osatu dute. Epaimahaiaren iritziz, "testua ezin egokiagoa da album baterako: laburra, errimaduna, aberatsa eta onomatopeietan oinarritua. Ezin aproposagoa errezitatzeko eta dibertitzeko. Ilustrazioak dotoreak dira, sofistikatuak —hainbat oihartzun eskaintzen dute, hala nola René Magritteren zeruenak— eta, batez ere oso narratiboak eta musikaltasunez beteak. Testuaren eta ilustrazioen arteko uztarketa goi mailakoa da eta esan daiteke idazle-ilustratzaileek album, ilustratu, jostagarria eta harmonikoa lortu dutela, irakurleentzako benetako oparia, behin eta berriro irakurtzeko eta usaintzeko gogoa emanen duena".

Irabazleek 5.000 euroko saria jaso dute eta saritutako lana Nafarroako Pamiela argitaletxeak argitaratuko du udazkenean.