Ibai Alzaga (Noizean Behin): "Gure erabakien arduradun bakarrak izan nahi genuen, inorrekin zor

Ibai Alzaga (Noizean Behin): "Gure erabakien arduradun bakarrak izan nahi genuen, inorrekin zor https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ibai-alzaga-noizean-behin-quotgure-erabakien-arduradun-bakarrak-izan-nahi-genuen-inorrekin-zorretan-sentitu-gabequot/@@download/image/20117187082noiz_1361314645.jpg
2011/07/18
elkarrizketa
Saioa Baleztena
Ibai Alzaga (Noizean Behin): "Gure erabakien arduradun bakarrak izan nahi genuen, inorrekin zor
Hamar urte pasa dira Noizean Behineko kideak, Ander Gorostiola, Alex Pelaez eta Ibai Alzaga, lehen aldiz elkartu zirenetik. Taldeak bizi dituen aldaketen ondoren, Bizkaiko hirukoak beregain hartu du azken lanaren ardura guztia eta, emaitzarekin pozik, zuzenekoan du orain jomuga.

2002an, lehiaketa batean parte hartzeko egin zenuten lehen errepertorioa eta irabazi zenuten. Aurten Mundakako I. Musika Lehiaketa irabazi duzue, zein izan da taldearen bilakaera?
Musikalki, abestiak egiten ikasi dugu, koherentzia galdu gabe hasierako erroak mantendu eta influentzia berriak barneratu ditugu. Beste hitzetan, musika lantzeko era propio bat garatu eta mamitu dugu. Bilakaerarik handiena, aldiz, pertsonala izan da, gorabehera askoren ostean, taldearekin batera hazi egin baikara. Hamar urte igarota zirkulu bat ixten ari garela esan dezakegu, eta beste baten hasieran gaudela.

Azkeneko lanean, 'Errautsez urrats' bilduman, prozesu osoaren ardura hartu duzue, zein da azken emaitzaren balorazioa?

Oso pozik gaude. Astindua behar genuen, eraberritzea. Deseroso ginen barneratu genuen dinamikarekin eta lekuz kanpo ikusten genuen gure burua. Gure erabakien arduradun bakarrak izan nahi genuen, inorekin zorretan sentitu gabe.

Une horretan helmuga zehatzak desagertu ziren eta emaitzak lortzen joan garen heinean, ezusteak bata bestearen atzetik iritsi zaizkigu. Esfortzu handia behar izan dugu baina pozgarria izan da neurri berean. Emaitza ikusita, lan duina osatu dugula esan dezakegu.

Zertan desberdintzen da azken hau 'Inoiz kontatu ez nizkizunak' eta 'Arazi', aurreko lanekin?

Estilo aldetik azkena arinagoa da, biziagoa. Oinarrian metal eta rock arteko nahasketa mantentzen dugun arren, thrasharen eragin zuzena gero eta lausoagoa da gurean, eta hardcoreari lekua egin diogu han eta hemen. Ahotsek ere inoiz baino joera melodikoagoa dute. Azken finean, lanaren ekarpena oinarrizkoagoa da, taldean izan ditugun aldaketengatik, baina orain arteko landuena ere bada.

2010eko ekainean egin zenuten hemezortzi eguneko grabaketa zuen blogean konpartitu duzue, nola joan zen?

Etxean, gure entsegu lokalean grabatu genuen, lagun artean. Udan izan zen grabazioa, bestelako konpromisoek uzten zizkiguten tarteetan, eta ahotsak grabatu aurretik oporrak hartu genituen, beraz, erritmoa oso atsegina izan zen.
Lasaitasun horrek prozesua luzatu zuen, eta horrek nekagarria izateko arriskua badu ere, laguntza eta bisita ugari jaso genituen, eta emaitzak onerako harritu gintuen. Luzarora begira bidea argitu zitzaigun.

Kolaboraziorik izan duzue?

Beti izan dugu ingurukoen laguntza eta azken lanean laguntza hori azaleratu nahi izan dugu. Horrela, Pog Mo Thon taldeko Markelek Hariak abestian kantatu zuen, Boys of Birl taldeko Txanpik Pandora abestian utzi zuen bere arrastoa, eta Saiak biraka abestiko koruan Leixu eta Ainara Arrizabalagak, Txanpik, Roberrek eta Markelek parte hartu zuten. Diseinuan Igotz Ziarreta maisu izan da beste behin. Ikusten ez den laguntza mota horretan, berriz ere, talde eta izen propio asko egon dira.

Epe motzean zein bide jarraituko du Noizean Behin taldeak?

Kontzertuak eskaintzea da momentu honetan gure helburu bakarra. Betidanik izan ditugu hainbat ideia buruan, eta baliteke horietako batzuk gure hurrengo urratsak izatea. Hala ere, momentu honetan, zuzenekoetan baino ez dugu pentsatzen.