I. Inprobisazio Txapelketa Nagusia egingo dute abuztu hasieran Donostian

I. Inprobisazio Txapelketa Nagusia egingo dute abuztu hasieran Donostian https://www.gaztezulo.eus/albisteak/i-inprobisazio-txapelketa-nagusia-egingo-dute-abuztu-hasieran-donostian/@@download/image/20127138196inprobisazio_txapelketa.jpg
2012/12/13
berria
I. Inprobisazio Txapelketa Nagusia egingo dute abuztu hasieran Donostian
Musika, dantza, antzezpena, bertsotan aritzea, poesia, performancea, idaztea edo beste edozer gauza egiten badakizu, hau da zure aukera. Abuztuaren 3an eta 4an Inprobisazio Txapelketa Nagusia egingo dute Donostiako Loiola auzoan, eta zure dohainak erakusteko aukera izango duzu bertan. Izena emateko epea zabalik da abuztuaren 2ra bitarte.

AMMMRB#III eta AUDIOLABek antolatutako ekimenean edozerk balio du. Garrantzitsuena lotsa gutxi izatea eta ongi pasatzeko gogoekin hurbiltzea da. Txapelketa bi egunez egingo dute: abuztuaren 3an kanporaketak, eta 4an final handia.

Inprobisazio norgehiagokaren egitura bertsolaritza txapelketen modukoa izango da, eta hainbat moldetan oinarritutako ariketak egin beharko dituzte parte hartzaileek. Ikuskizunean zehar erabiliko dituzten instrumentuak, doinuak, estiloak eta gainerakoak erabat libreak dira, baina izena ematearekin batera jakinarazi beharko zaizkie antolatzaileei, beharrezko argi eta elektrizitate tomak prest izan ditzaten.

Epaimahaiaren osaketa oraindik zehaztu ez duten arren, gaian adituak diren lau lagun izango direla argitu dute antolatzaileek. Haiek erabakiko dute irabazlea nor den, eta txapela eta Juanjo Aranguren eskultoreak egindako garaikurra jasoko ditu garaileak.

Ongi pasatzeko eta dibertitzeko aukera paregabea izango da Donostiako Loiola auzoko Artelekun, eta interesa duen orok har dezake parte. Beraz, anima zaitezte!

Parte hartzeko


Epea: Abuztuaren 2a
Nola: Idatzi email bat audiolab.arteleku@gmail.com-era


Txapelketaren egitura


  • Binakako ofizioak: Zozketa bidez hautatutako bi inprobisatzailek antolatzaileek proposatutako gaien inguruan aritu beharko dute,
  • Banaka puntua emanda: Hasiera antolatzaileek emango diete, eta gainerakoa inprobisatu beharko dute.
  • Hirunaka puntuka: Hirunaka egingo dituzte inprobisaketak, gaia librea izango da baina molde laburrean.
  • Kartzelako gaia: Denek gai beraren inguruan inprobisatu beharko dute